Hiru kide, edo gehiago

Hiru kide, edo gehiago

GOIBERRI. 6 azaroa.

Kide ugariko familien eskubideen alde lan egiten du Hirukide elkarteak, eta gizarteari egiten dioten ekarpena aitortua izan dadin bilatzen du. Goierrin ere badu presentzia, eta besteak beste, eskualdeko herri gehienetako udalek laguntzak ematea lortu du.

Lehengo familiek ez dute zerikusirik gaurkoekin, tamainaz asko murriztu direlako. Hiru, bost edota hamar anaia-arrebatakoak ere arruntak ziren garai batean, eta seme-alaba bakarrekoak edo bikoak, gutxienekoak. Gaur familien kasuistika irauli egin da, eta gehienak seme-alaba bakarrekoak edo bikoak dira; hirukoak askoz ere gutxiago dira, eta hirutik gorakoak zer esanik ez. Hiru edo seme-alaba gehiago dituztenek –beste familia mota batzuek ere bai– kide ugariko familiaren titulua jasotzen dute, eta tituluarekin batera, alor publikoan hainbat eskubide dituzte, baina baita zailtasunak ere.

Eskubide horiek defendatzeko eta zailtasunei aurre egiten laguntzeko Hirukide elkartearen babesa dute. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko kide ugariko familien elkarteen federazioa da Hirukide, eta alor publikoan eta pribatuan lan egiten du familia horien eskubideen defentsan eta gizarteari egiten dioten ekarpena aitortua izan dadin. Familien babes ekonomikoa, soziala eta lanaren arlokoa da elkartearen xedea, eta hori lortzeko bitartekari lana egiten du administrazioaren aurrean. Elkarteak 20 urtetik gorako ibilbidea du, eta urte horietan kide ugariko familientzako hainbat aurrerapen lortu ditu euskal administrazioan; besteak beste,  etxebizitza, fiskalitate, hezkuntza, kontziliazio eta garraio gaietan.

Hirukidek, gainera, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie familiei, euren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoz. Informazioa eta aholkularitza ematen die, adibidez, laguntza, eskubide, abantaila edo baliabideen inguruan. Formakuntza, aisialdi ekintzak eta EAEko 1.000 komertzio baino gehiagotan eskura daitezkeen deskontuak ere eskaintzen dizkie bazkideei.

Gaur egun 8.350 familiak osatzen dute elkartea, eta 45.000 bazkide ditu; titulua indarrean duten erkidegoko familien % 30 baino gehiago dago Hirukiden izena emanda.

Sarasua Ansuategi familia

Urretxuko Sarasua Ansuategi kide ugariko familia da, eta Hirukideko bazkidea. Aitor eta Eukene aita-amak eta 14 urteko Ainhoa, 12 urteko Josu eta 7 urteko Beñat seme-alabek osatzen dute. Bikoteak hasiera-hasieratik izan zuen argi kide ugariko familia osatuko zutela, biak halako familiatik datozelako; Aitorrek beste bi anaia-arreba ditu, eta Eukenek beste hiru. Biei gustatu zaizkie beti familia handiak, «etxean egoten den zalaparta, edo bazkarietan eta egoten den giroa» batez ere, dio Eukenek, «seme-alaba bakarreko familiak tristeak iruditu zaizkit beti». Aitorren anaietako batek ere kide ugariko familia du.

Hirugarren semea iritsi zenean bihurtu ziren kide ugariko familia, eta bat gehiago izateak aldaketa handiegirik ez ziela ekarri azaldu dute: «Egia da bat gehiago dagoela zaintzeko, baina familian aldaketa handiena lehenengoaren jaiotzak eragin zigun». Aitorrek emazteak esandakoa berretsi du: «Lehenengoarekin zerotik hasten zara, baina hortik aurrerakoekin lan gehiago bada, bai, ordu gehiago edo, baina aldaketa handiegirik ez». Hala ere, bigarrenetik hirugarrenera bitartean diferentzia handitxoa zegeola eta, hasieran «pereza piska bat» eman ziela aitortu dute biek, baina berehala egokitu zirela egoera berrira. Eukenek, gainera,  «asko disfrutatu» zuela dio, Beñat hirugarrena eta azkena izango zela bazekielako.

Hirugarrena iristean logistika arazo handiegirik ez zutela izan ere aipatu dute. Etxebizitza, adibidez, hiru gelakoa zuten ordurako –Ainhoa jaiotzerako aldatu ziren etxez, bi gelakoa zutelako orduan–. Ondo moldatzen direla diote, nahiz eta tarteko semea batzuetan kexu den «logela konpartitu behar duelako». Kotxea ere ohi baino handiagoa dute, zazpi plazatakoa, aurretik erosia hori ere. Oporrak ere aipatzen dituzte, eta bost laguneko familia izanik, hotelera joan eta bi gela hartu beharrean bungalow-ak edo antzekoak hartzen dituzte.

Izan ere, ekonomia, familia guztietan bezala, asko begiratu beharreko kontua da; arropa, eskola materiala, kirola, eskolaz kanpoko ekintzak, dentista… gastuak igo egiten dira. Zorionez, biak lanean ari dira eta bi soldata oso iristen dira etxera orain, duela bi urtera arte lanaldi erdiarekin egon zelako Eukene, eta aurretik eszendentzian ere bai  tarte batean. «Etxean ondo moldatzen ginela ikusi genuenean itzuli nintzen egun osoko lanaldira». Hori bai, bata goizez ari da, eta bestea arratsaldez, eta bi zaharrenek ere «asko laguntzen dute txikiarekin».

Hirukideren laguntza

Hirukidetik ere laguntza jasotzen dute. Kide ugariko beste familia baten bidez izan zuten elkartearen berri, eta Bilbora joan ziren biltzar batera, bertatik bertara ezagutzeko haren jarduna. Lan handia egiten duela diote: «Besteak beste, udaletxeetan guretzako diru laguntzak lortzeko lobby baten moduan lan egiten du». Elkarteari esker, norberaren udaletxeko laguntzen berri ez ezik, estatu mailan edo erkidego mailan kide ugariko familientzat dauden laguntzak ere ezagutu ahal dituzte.

Ez da hori, informazioarena, Hirukidek eskaintzen dien zerbitzu bakarra, ekintzak ere antolatzen dituztelako: «Donostian egun beteko festa bat baino gehiago egin dira, Sendaviva parkean ere izan gara asteburu pasa, eta dena oso merke».

Eta hainbat komertzio eta zerbitzutan kide ugariko familiei deskontuak eskaintzeko ere lan egiten du elkarteak, «eta hori oso baliagarria da gure kasuan bezala, ortondontzia bat jarri behar duzuenean».

Laguntza orokorrak

  • Zuzeneko laguntza
    • Jaiotzagatik, estatu mailan, 1.000 euro; erkidego mailan, 7 urtera artekoak.
  • Kontziliazioa
    • Aitatasun-baimena: 4 aste natural.
    • Zaintzaileen kontratazioa: % 45-%100 hobaria Gizarte Segurantzarako kuotetan.
  • Hezkuntza
    • Ikastetxeetan eta haur eskoletan ikasleak onartzeko irizpideetan abantailak.
    • Unibertsitate publikoan eta pribatuan deskontuak edo salbuespenak matrikulan.
    • Beketan, familia kategorian kenkaria.
  • Zergak
    • PFEZ. % 23 inbertsioari dagokionez, eta % 25 alokairuari dagokionez.
    • OHZ, ibilgailuen zerga, udal tasa eta prezio publikoan hobariak, udalaren arabera.
    • Matrikulazio zerga: ibilgailu berria erosteagatik, % 50eko deskontua.
    • Ondare eskualdaketen gaineko zerga: % 2,5 bigarren eskuko ohiko etxebizitzan.
  • Etxebizitza
    • BOE-en zozketetan parte hartzeko aukera.
  • Garraioa
    • Deskontuak garraioan, % 5etik % 50era.
  • Energia
    • Argia, bonu soziala: % 25eko deskontua.
  • Aisialdia eta kultura
    • Museo publikoak: % 50eko deskontua.
    • Aldundien udalekuak: % 30ekoa.
  • Bestelakoak
    • Tasak dohainik nortasun agiria eta pasaportea egiteko eta berritzeko.

Goierriko udalak

  • Legazpi. Hobaria OHZ-n eta ibilgailuen zergan kide ugariko familia guztientzat.
  • Urretxu. Hobaria OHZ-n eta ibilgailuen zergan, kide ugariko familiaren diru sarreren arabera.
  • Zumarraga. Hobaria OHZ-n, 180.000 € balio katastraletik azpiko etxebizitzetan; ibilgailuen zergan 13,99 zalditik beherako autoentzat.
  • Ordizia eta Lazkao. Hobaria OHZ-n, errentaren arabera.
  • Beasain. Hobaria OHZ-n, etxebizitzaren balio katastralaren arabera.
  • Beste herriak. Kontsultatu.
  • Urak zerbitzua. Deskontuak hainbat herritan.