25 urte kide ugariko familiekin

25 urte kide ugariko familiekin

Aurten, 2024an, Hirukidek 25 urte beteko ditu. Izan ere, 5 bosturteko igaro dira 1999ko apirilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kide ugariko familien elkarteek bat egin zutenetik. Haietako bakoitzak familia gutxi batzuk baino ez zituen biltzen, baina ordurako hirurek komenigarritzat eta beharrezkotzat jotzen zuten ahaleginak bateratzea, nolabait Hirukide izango zena irudikatuta, egun errealitatea dugun hau, hain zuzen ere.

25 urte geroago, Federazioa Euskadi osoko kide ugariko 8.200 familiak baino gehiagok osatzen dute, eta erreferentzia eta solaskidea da administrazio eta erakunde publiko eta pribatu guztientzat bai kide ugariko familiekin loturiko gaiei dagokienez bai, sarritan, oro har seme-alabak dituzten familiei dagokienez.

Elkartearen egungo rol eta posizio hau urte hauetan guztietan esparru instituzionalean familien beharrak ikusarazteko egindako lan eskergaren emaitza da. Helburu horrekin, ehunka bilera egin ditugu toki-, lurralde- eta erkidego-mailako administrazioen ordezkariekin, eta, horien ondorioz, urte hauetan Euskadin seme-alabak dituzten familien edo kide ugarikoen alde ezarritako laguntza, onura eta neurrietako asko sustatu izan dira.

Aldi berean, zuoi laguntzeko eta familiengandik gertuago egoteko asmoz, pixkanaka-pixkanaka gure zerbitzu eta jarduera nagusiak hedatu eta hobetu ditugu, besteak beste informazio- eta aholkularitza-zerbitzua, prestakuntza-zerbitzua edo deskontu-plana, non dagoeneko enpresekin eta saltokiekin egindako 1.300 akordio baino gehiago bildu ditugun familia bazkideei deskontuak eta baldintza bereziak eskaintzeko.

Horrekin guztiarekin batera, lan handia egin dugu XX. mendeko ikuspegiarekin ikusten gintuen gizarte eta iritzi publikoari XXI. mendeko kide ugariko familien errealitatea eta beharrak erakusteko. Horretarako, hedabideetan ohikotasunez parte hartu izan dugu, elkarrizketen, artikuluen eta erreportajeen bidez, askotan horietan zuon laguntza jasota.

25 urte hauetan, beti izan dugu gogoan gure hasierako eslogana: “BAT EGINDA INDARTSUAGOAK GARA”. 25 urte hauengatik, ZORIONAK eta ESKERRAK eman nahi dizkizuegu Hirukide osatzen eta posible egiten duzuen familia guztioi.