Familiaren Nazioarteko Egunean, begirada bat familiek gure gizartearen eraikuntzan eta sostenguan betetzen duten zeregin isil bezain ezinbestekoari.
Garai azkarrak bizi ditugu, non sarritan kontu urgenteek garrantzitsuak estaltzen dituzten. Non algoritmoak gure ordez erabakitzen duen eta berehalakotasunak egonkortasuna baino baliotsuagoa dirudien. Egoera honetan, errealitate bat isilik bizi da, baina etenik gabe aurrera; oinarri horrek ez du arretarik eskatzen, baina ez balego, dena eroriko litzateke: FAMILIA.
Familia bizikidetza-egitura bat baino gehiago da, beste bizi-aukera bat baino gehiago. Gure lehen komunitatea da, zaintzen eta zainduak izaten, partekatzen, errespetuz eztabaidatzen eta erori ondoren altxatzen ikasten dugun lehen ingurunea. Hortxe ohartzen gara maitasuna eman egiten dela, exijitu barik; norbera ez dela guztiaren erdigunea eta benetako harremanak egunerokotasunean sendotzen direla. Familia, funtsean, pertsonen izaera eratzen den gunerik zintzoena eta eraldatzaileena da.
Baita zorionik egiazkoena azaleratzen den gunea ere. Ez kontsumoaren edo lorpenen mendeko zoriontasuna, baizik eta lagundua, balioetsia eta zaindua sentitzeak dakarrena. Ez idealizatuta dagoena, gatazkarik edo nekerik gabea, baizik eta egunez egun eraikitzen dena, errutina, barre eta bazkalondo zein afalondo artean, baita eginahal ugariren artean ere. Familia da, ziurrenik, zorionerako formularik onena: ez da perfektua, baina bai erabatekoa, funtsezkoarekin bat egiten gaituelako.
Hirukiden, 25 urte baino gehiago daramatzagu uste irmo hori defendatzen, seme-alabak dituzten familiei eta, bereziki, kide ugarikoei begira. Ez iraganaren nostalgiatik, baizik eta gizarte kohesionatu, enpatiko eta oparoak familia indartsu eta lagunduak behar dituelako iritzi tinkotik. Haiek direlako, edozein motatakoak izanda ere, badatozenak eta badoazenak zaintzen dituztenak, laguntza-sareei eusten dietenak.
Gaur egun familiaz hitz egitea, ordea, erronkez ere hitz egitea da. Izan ere, nahiz eta gizartean aitortzen den oraindik ere haien zeregina, politika publiko askok gai guztiz pribatutzat jotzen jarraitzen dute. Seme-alabak zaintzeak, etxeko martxari eusteak eta belaunaldi berriak hezteak herrialdearen etorkizun ekonomiko, demografiko eta emozionalean zuzeneko eraginik ez balu bezala.
Paradoxa agerikoa da: familiek eguneroko kontuei eusten diete, baina sarritan bakarrik egiten dute.
Gure herrialdeak Europako jaiotza-tasarik txikienetakoa du, eta gure gizartean bizi-kostua gero eta garestiagoa da, bereziki etxebizitzari, energiari eta elikadurari dagokienez. Alabaina, datuez harago, kezkagarriena ezarritako pertzepzioa da; familia bat osatzea, are gehiago kide ugarikoa bada, gehiegizko zama dela, erabaki ia ausartegia. Eta ez luke horrela izan beharko. Bizitza zorrotza bada ere, aurreko belaunaldik askok izan ez zituzten ongizate-, osasun- eta segurtasun-mailekin bizi gara. Arazoa zera da: kontakizun nagusia baldin bada haurrak izateak galera, nekea edo pobretzea dakarrela, gure gazteek nekez erabakiko dute horren aldea egitea.
Eta, hala ere, milaka familiak egiten dute. Erosotasunei eta segurtasunei zentzuz betetzen dituen proiektu batengatik egiten diete uko. Estu bizi dira, baina pozik. Nekatuta, baina gogobeteta. Eta horrek balio izugarria du, gizarte gisa baztertzen jarraitu ezin duguna.
Hirukidek oso gauza erraza eskatzen du: bidezko begirada. Fiskalitateak ez neurtzea familia guztiak neurri beraren arabera eta bakoitzaren diru-sarrerek zenbat pertsona sostengatzen dituzten kontuan hartzea. Oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko aukera ekitatiboa, hala nola etxebizitza duina, garraio irisgarria edo gurasoek, ez Estatuak, nahi duten hezkuntza unibertsala. Lege-esparruak ez lausotzea kide ugariko familien berezitasuna eta ez parekatzea beste errealitate batzuk dituzten familiekin, bestelako beharrak dituztenekin. Eta, batez ere, politika publikoak ez iristea berandu, seme-alabarik ez izateko erabakia hartuta dagoenean.
Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Ekitatea nahi dugu. Gehien ematen duenak laguntza proportzionala jasotzea, hots, justizia soziala. Seme-alaben kopurua ez izatea zaurgarritasun-faktorea, aitortutako gizarte-aktiboa baizik. Etorkizunaren aldeko apustua egiten duten familiak ez sentitzea horregatik zigortuak.
Badakigu ez dagoela konponbide magiko, erraz eta berehalakorik. Baina jakin badakigu, halaber, gaur hartzen diren erabakiak 20 edo 30 urte barru izango dugun gizartearen oinarria izango direla. Horregatik diogu behin eta berriz, defendatzen duen horretan sinesten duenaren irmotasunez; izan ere, 25 urte hauetan horixe ikasi dugu, amore ez emateak fruituak ematen dituela.
Orainak kezkatzen gaitu, bai, baina are gehiago etorkizunak. Eta ez dago inbertsio kolektibo hoberik hori posible egiten duten familiei laguntzea baino. Familia bat ondo dagoenean, gizartea ere ondo dagoelako. Haur bakoitzaren atzean, denera iristeko malabarrak egiten ari diren guraso batzuk daudelako. Lor dezagun, guztion artean, familiak zaintzea ez izatea heroitasun isila, denon erantzukizuna baizik. Familia sendorik gabe ez dagoelako etorkizun sendorik. Eta, lerroburuetan agertu ez arren, dena etxean hasten delako.
Iñigo Abreu de Con
Hirukideko presidentea
