Aitatasun-osagarria pentsioan

Aitatasun-osagarria pentsioan

Auzitegi Gorenaren epai batek klase pasiboko gizon erretiratuen (funtzionarioak) eskubideak erregimen orokorrean jada zituztenekin parekatu ditu, pentsioan aitatasun-osagarria jasotzeko eskubidea dutela aitortuta. Orain arte, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzietako Salak erantzun kontrajarriak ematen ari zitzaizkien klase pasiboetatik zetozen guraso erretiratuei osagarria ordaintzeari Ogasunak emandako ezezkoaren aurka aurkeztutako helegiteei. Auzitegi Gorenaren azaroko epaiari esker, ordea, haien aldeko jurisprudentzia ezarri da.

Organo juridiko horren erabakia klase pasiboekin lotuta dago, horiek beste lege batek arautzen baititu; gainera, erreklamazioen tramitazioa desberdina da erregimen orokorreko eta klase pasiboetako erretiratuentzat. Lehenengoek GSINri aurkeztu behar diote erreklamazioa, eta hura administrazio-bideko erreklamazio guztiak ukatzen ari da. Administrazio-bidea amaitutakoan, GSIN lan-arloko epaitegietan demandatu behar da, non aurkeztutako ia demanda guzti-guztiak irabazten ari diren. Funtzionarioen edo klase pasiboen kasuan ere lehen erreklamazioa administrazio-bidean egin behar dute, eta gero Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salara jo; hor, Gorenaren aipatu epaia dela eta, beren aldeko ebazpena jasoko dute.

Kasu bietan, nahitaezkoa da 2016ko urtarriletik 2021eko otsailaren 3ra bitartean erretiratu izana, gizona izatea, bi seme-alaba edo gehiago edukitzea eta erretiroa arrunta izatea, hau da, ez borondatezko aurretiko erretiroa.