Joan den ekainaren 15ean, kide ugariko familia gisa elkartzea zergatik merezi duen gogorarazten diguten egun horietako bat bizi izan genuen. 130 familia baino gehiago bertaratu zineten IrriSarri Landera, muino berde eta zuhaitz ikusgarri artean bere magiaz hartu gintuen naturagune zoragarrira, hain zuzen ere.
Goiztiarrenak oso goiz iritsi zineten, energia kutsakorrez gainezka eta eguna lagunartean igarotzeko gogotsu. Ilusioz ez ezik, laguntzeko prest ere etorri zineten: eskerrik asko, bihotzez, ongietorri-sortekin eta prestaketekin hasiera-hasieratik laguntzeagatik.
Goizean goiz euria izan bagenuen ere, ez zen oztopo izan: anoraka soinean, programarekin aurrera jarraitu genuen. Arratsaldean, zeruak atsedena eman zigun eta kanpoaldean jarduera guztiez gozatu ahal izan genuen. Are gehiago, familia batzuk zurrusta-gunean bustitzera ere animatu zineten!
Egun osoan, adin guztietarako antolatutako jarduera ugarietan parte hartzeko aukera izan genuen: ibilbidea trenez, arborismoa, tirolinak, zaldi-bataioa, bost zentzumenak probatzeko ibilbidea, baita interpretatutako ibilbidea ere, zubi tibetar ikusgarria gurutzatzera eraman gintuena, eguneko unerik zirraragarrienetakoa.
Hirugazteek ere haien plana izan zuten eta abenturaz, naturaz, barrez eta sorpresa ugariz betetako eguna izan zuten.
Irrikaz espero ziren bi zozketa ere egin genituen. Hirugazteentzat antolatutakoan, zorioneko irabazlea skateboard batekin izan zen saritua, eta parkeko Pump track eremuan estilo handiz estreinatuz erakustalditxoa oparitu zigun. Ondoren, familien txanda izan zen: denak hurbildu zineten zuen sariak jasotzera eta oroitzapenerako familia-argazkia egitera. Zorionak irabazleoi! Asko gozatzea espero dugu.
Hirukidek eskerrak eman nahi dizkizue beste behin gurekin egoteagatik, zuen poztasun eta hurbiltasunagatik, eta hain egun berezia posible egiteagatik. Beti izaten da gozamen aparta gure arteko harremanak sendotzen dituzten eta Euskadiko kide ugariko familien alde lan egiten jarraitzeko energiaz betetzen gaituzten halako uneak zuekin batera bizitzea.
Hurrengoan elkartuko gara berriz!
