OHZko hobaria berreskuratu da Bizkaian

OHZko hobaria berreskuratu da Bizkaian

Bat eginda, indartsuak gara! Eta hala frogatu dugu beste behin, Bizkaiko bazkide ugariren parte-hartzeari esker. Izan ere, gure eskaera aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunaren arduradunei idatzi eta lurraldeko udalek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) kide ugariko familiei hobariak ezartzeko aukera berriz izan zezatela eskatu zenieten.

Bada, Foru Aldundiak, Herritarren Atarian hainbat astez mezu-oldea jaso ondoren, zerga-neurriei buruzko Foru Araua aldatzea erabaki du, gure eskaera gauzatzea ahalbidetzeko, eta hala jakinarazi dizue erreklamatzaile guztioi.

Joan den astean, Hirukide Ogasunaren zuzendariarekin eta zuzendariordearekin bildu zen, eta hobaria 2016an ezarrita zegoen modu berean berrezartzeko asmoa dutela berretsi ziguten. Hortaz,  Bizkaiko udalek % 90era bitarteko hobaria aplikatu ahal izango diete, OHZn, kide ugariko familiei, udal bakoitzak ezartzen dituen baldintzen eta ehunekoen arabera.

Idatzi duten aurreproiektua udaberrian eztabaidatuko da Batzar Nagusietan, udan behin betiko onartzeko. Gure ustez, erabaki hori Ganberako gainerako taldeek babestuko dute. Dena den, Hirukidek Ganberako gainerako taldeengana joko du haien babesa ere lortzeko.

Orobat, Hirukidetik Eudeli jakinaraziko diogu, eta Bizkaiko udal guztiak beren zerga-arloko eztabaidan, uda ostean hasiko duten horretan, 2023rako zerga-ordenantzetan hobaria txertatzera animatuko ditugu. Hori guztia kontuan hartuta 2016an, Batzar Nagusiek hobaria baliogabetu zutenean, lurraldeko 77 udalek aplikatzen zutela, nork bere baldintzen arabera.

Horrela, behin betiko amaituko da Euskadiko beste bi lurraldeekiko zegoen bidegabekeria konparatiboa (horietan, hobaria onartuta dago), Hirukidek azken sei urteetan eskatu izan duen bezala. Egin ditugun bilera guztietan, OHZn birbanaketa-irizpideak aplikatzeko eta kide ugariko familia askok zerga honekin jasaten duten diskriminazioa neurri batean konpontzeko beharra gogorarazi dugu; izan ere, seme-alaba gehiago dituztenez, azalera handiagoko etxebizitza edo kotxe handiagoa behar dute, eta, ondorioz, askoz ere gehiago ordaindu behar dute aipatu zergan.