Kide ugariko familien kolektiboak beste behin eskertu du Arartekotik jasotako babesa.
Hirukide-Euskadiko kide ugariko familien Federazioak eskertu egin du Arartekoak euskal administrazioei egindako gomendioa: hezkuntza-arloan matrikulazio- eta azterketa-hobariak mantentzea kide ugariko familietako seme-alabentzat, titulua indarrean 2015eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 17ra dutenentzat
2105eko abuztuaren 18an, 26/2015 Legea sartu zen indarrean, zeinak kide ugariko familia izaeraren hedapena ezarri zuen. Horren arabera, titulu ofizialak indarrean jarraituko zuen gutxienez seme-alabetako batek beharrezko baldintzak bete arte. Lege berria ez zenez aplikatzen atzeraeraginez, kide ugariko familia izaera data hura baino lehen galdutako familia guztiak kanpoan geratu ziren, legea onartzeko zain hilabeteak zeramatzatenak barne, haren indarraldia behintzat urte hartako urtarrilaren 1ean hasiko zelako itxaropenarekin.
Alabaina, ez zen horrela gertatu; dena den, xedapen iragankor bat txertatzea lortu zen, behintzat, zeinak ezarri zuen hezkuntza-arloko matrikulazio- eta azterketa-eskubideei zegozkien onurak kide ugariko familia titulua 2015eko urtarrilaren 1etik indarrean zuten familiei hedatuko zitzaiela. Hala, 2015eko urtarrilaren 1aren eta abuztuaren 17aren artean kide ugariko familia izaera galdu zuten familia guztiek aipatu eskubideei eutsi zieten, hezkuntza-arloan matrikulazioari eta azterketei dagokienez.
Arazoa geroago etorri zen, administrazioren batek araua ez zuelako zuzen interpretatu, iritzita xedapen iragankor hori 2015-2016 ikasturterako baino ez zegoela indarrean, eta ez hurrengo ikasturteetarako.
Halere, zalantza hori 2016ko irailaren 28n ebatzi zuen Estatuko Abokatutzak, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministeriokoak, alegia, Lege berriaren sustatzailekoak, espresuki adierazi baitzuen araua ez zela mugatu behar ikasturte jakin batera.
Euskadin kaltetutako familiak
Araua behar bezala interpretatu eta aplikatu ez duten administrazioen artean, euskal administrazioak daude. Arartekoak, Gipuzkoako familia batek egindako erreklamazioaren ondorioz, idazki bat igorri die administrazio horiei araua zuzen bete dezaten eta kalteturiko familiek eskubide horri euts diezaioten eskatzeko.
Era berean, Hirukidek Lan eta Gizarte Politiken Sailera eraman du gaia, joan den astelehenean Sailburuarekin, Sailburuordearekin eta Familia Politika eta Aniztasun Zuzendariarekin bilera eginda. Bertan, kide ugariko familien elkarteak eskaera egin zien tartean dauden bi erakundeen aurrean laguntza emateko: batetik, hiru aldundiekin bil daitezen urtero eman dezaten familia hauek unibertsitateko tasa akademikoen hobaria eskatzeko nahitaez aurkeztu behar duten ziurtagiria; bestetik, Hezkuntza Sailari eskatzeko jasotzen dituzten erreklamazioen egileei atzera itzultzeko 2016-2017an gaizki kobraturiko matrikulak.
Horretarako, Hirukidek zenbateko horiek eskatzeko hainbat eredu jarri ditu erreklamazioa egin nahi duten familien eskura.