Kide ugariko 10 familiatik 7 nekez iristen dira hilaren amaierara

Kide ugariko 10 familiatik 7 nekez iristen dira hilaren amaierara

Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioak 3 seme-alaba edo gehiago dituzten familiei buruz egindako azken azterlanaren emaitzek erakutsi dutenez, familien % 31,7k zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko, % 24,5ek gastuak murriztuz lortzen dute, % 12,2k aurrezkietara edo maileguetara jo behar dute, eta % 4k senide baten laguntza jasotzen dute.

Azterketak, Estatu osoko hainbat tokitako kide ugariko 1.800 familiari baino gehiagori egindako inkestekin osatuak, agerian utzi du kide ugariko familia gehien-gehienek zenbakiak egin eta beren edo besteren aurrezkiak erabiliz egin behar dutela aurrera beren behar guztiak ase ahal izateko. Hilaren amaierara iristeko arazoak kide ugariko 10 familiatik 7k dituzte, % 73k; horien artean, batzuek “hilaren amaierara iristeko zailtasunak” dituztela zuzenean diote (% 31,7), beste batzuek beren aurrekontua murriztu behar dutela, han-hemenka aurreztuz (% 24,5), zenbaitek aurrezkietara jo edo mailegu bat ere eskatu behar dutela (% 12,2), eta, azkenik, familia gutxi batzuek badutela nolabaiteko koltxoia gastuei aurre egiteko: senide baten laguntza (% 4) edo GKE batena (% 0,7).

Egoera batez beste 5 lagunez eratutako familia hauen diru-sarrerekin lotuta dago, gehienetan bi soldatarekin osatutakoekin (% 66). Familia gehienak 2.500 eta 3.500 euro bitarteko tartean daude (% 22,6), eta ondoren 2.000 eta 2.500 euro bitartekoan (% 17). Horien atzetik, familien ia herena (% 29,9) hilean 2.000 eurorekin baino gutxiagorekin bizi da, eta kopuru horrekin egin behar diete aurre oinarrizko gastuei: elikadura, higienea, arropa, hezkuntza, osasuna, garraioa eta abar, gehi etxebizitzari eta oinarrizko hornidurei, hala nola argiari, gasari, urari, etab. Hain zuzen ere, atal horretan eskatzen dituzte familiek deskontuak, oinarrizko hornidura horiek izan duten prezio-igoera etengabea dela eta, uste dutelako beren familiarentzako bigarren neurririk garrantzitsuena litzatekeela seme-alabagatiko laguntzen zenbatekoa handitu ondoren.

Alderdi ekonomikoa seme-alabekin lotuta dago, zalantzarik gabe, eta erabaki horretan faktore askok eragiten dute, baina dirua baldintzatzaile itzela da. Inkestaren arabera, kide ugariko familien erdiak baino gehiagok, % 51,9k, seme-alaba gehiago izango zituzketen, eta % 42,4k diote arrazoi ekonomikoengatik ez dutela egin, % 24,3k “beste arrazoi batzuengatik”, zehaztu gabe, eta % 13,5ek kontziliazio-kontuengatik.

Nahiz eta familia hauentzat kontziliazioa oso gai garrantzitsua izan oraindik ere, agian jaitsi egin da lanaren inguruko baliorik handieneko alderdien eskalan: egun, lehentasuna soldata eta lan-egonkortasuna dira (biak ere 6 puntutik 4,2rekin), eta, ondoren, kontziliazioa (3,8) eta seme-alabei laguntzeko neurriak (3,2).

Nolakoak dira kide ugariko familiak?

Seme-alaba kopurua. Azterlanaren arabera, kide ugariko familia gehienak (% 66) 3 seme-alabakoak dira, eta ume horiek eskola-adinean daude, zaharrenaren batez besteko adina 15 urtekoa baita. Ondoren, 4 seme-alabako familiak daude (% 16,1), eta 2 seme-alabakoak (% 7,6). Familiarik handienak gutxiengoa dira, 6 seme-alaba edo gehiago dituztenak (familia guztien % 4,8 besterik ez).

Berreratuak eta gurasobakarrak. Familia-osaerari dagokionez, berreratutako kide ugariko familiak, aurretiko harremanetan sortutako seme-alabak dituztenak, % 11,4 dira, eta % 6,5 familia gurasobakarrak. Inkesta bete dutenen % 1,6 alargunak dira, eta % 1,3 harrera-familia.

Erditze anizkoitzak. Erditze anizkoitzak direla eta, egoera hau oso hedatuta dago: % 16,8k erditze anizkoitza izan dute, % 15,9k bikiak eta % 0,9k hirukiak edo gehiago izanik. Desgaitasuna ere oso presente dago kide ugariko familietan, zehazki haien % 20,7n: kasuen % 67,5ean, seme edo alaba batek dauka, % 24,5ean gurasoetako batek, eta % 7,7an guraso eta seme-alabek.

Prestakuntza eta lana. Kide ugariko familiako guraso gehienek, % 56,2k, unibertsitate-mailako prestakuntza dute, eta % 8,7k baino ez dituzte lehen mailako ikasketak. % 41,6k sektore pribatuan egiten dute lan, % 25,8k sektore publikoan, eta % 9,7 autonomoak dira. Kide ugariko familiako gurasoen % 9 langabezian daude, eta % 10,4k ordaindu gabeko etxeko lanak egiten dituzte.

Etxebizitza. Kide ugariko familia gehienak 75-100 m2 bitarteko etxebizitzan (% 33) eta 100-150 m2 bitartekoan (% 32) bizi dira, eta gehienak hipoteka ordaintzen ari dira (% 59).