Hala, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioaren eskaerarekin bat egin du, krisi ekonomiko eta hotz-bolada betean Espainiako Gobernuak nolabait esku hartu behar duela iritzita, herritarrei bizkarra eman gabe.
Hirukidek gogoratu du, halaber, Euskadiko milaka familiak Bonu Termikoa kobratu gabe jarraitzen dutela.
Hirukidek, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioarekin (FEFN) batera, kezka agertu du azken egunotan argindarraren kostuan gertatzen ari den igoera garrantzitsuari dagokionez –gaur bertan, hirugarrenez igo da-, bai eta horrek egungo une larrian familien ekonomian izango duen eraginari dagokionez ere. Horrez gain, familiek zuzenean jasango duten igoera hori krisi ekonomiko eta hotz-bolada betean gertatzen ari dela-eta kexa adierazi du.
Horregatik, Hirukidek eta FEFNk aipatu igoera geldiarazteko eskatu diote Gobernuari, bai eta neurriak ezartzeko ere familiek ordaindu beharreko ordainagirietan igoerarik ez izateko. Elkarteen ustez, Gobernuak ezin du besoak gurutzatuta geratu egoera honetan, eta bitartekari-lanak egin eta mekanismoak ezarri behar ditu kontsumitzaileak babesteko.
Hala, elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistema berraztertzeko eskatu diote, oraingoaren moduko energia-kontsumo handiko aldietan inpaktu horrek herritarrei aparteko kostua ekar diezaien ekiditen saiatzeko. Energiari aplikatutako BEZaren jaitsierari dagokionez, zeina Gobernuak dagoeneko baztertu egin duen, esanez argindarraren kostuaren igoera une zehatz bateko kontua dela, Hirukidek berretsi du neurri horrek argindarraren faktura arinduko lukeela, hein batean, eta beste herrialde batzuetan (Portugalen, kasurako) kontuan hartu dutela. Espainiak, ordea, beste behin ere, BEZaren ehunekorik handiena du inguruko herrialdeen artean; ondorioz, gehieneko tasa aplikatuta, herritarrengan zama handiagoa uzten ari da. Estatuan, energiak % 21eko BEZa du; Alemanian, berriz, % 19koa, Italian % 10ekoa, Frantzian % 5,5ekoa eta Erresuma Batuan % 5ekoa.
Atzerapena Bonu Termikoaren ordainketan
Hirukidek gogoratu du, halaber, Euskadiko milaka familiak Bonu Sozial Termikoari dagokion laguntza jasotzeko zain jarraitzen dutela, oraindik ez baitute jaso ez 2020koa ez 2019koa. Izan ere, administrazio zentralak eta euskal administrazioak urtebete auzitan eman ondoren, Auzitegi Konstituzionalak Eusko Jaurlaritzari eman dio arrazoia, neurri batean, Trantsizio Ekologikoko Ministerioarekin duen eztabaidan, eta gaiari buruzko araudian jasotako hainbat xedapen konstituzioaren kontrakotzat jo ditu. Horrenbestez, Ministerioak araudia aldatu beharko du, eta, hori gertatu arte, familiek ez dute laguntza jasoko, Eusko Jaurlaritzak kudeatu behar baitu.
Hirukidek aldaketa hori arintzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta milaka familiaren (horietako asko zaurgarriak) beharrak lehenesteko, are gehiago haientzat guztientzat luze joko duen negu gorri honetan. Azkenik, gobernuen arteko eskumen-gatazkak eta burokrazia instituzionalak bazterrean uzteko eskaera egin dio.
Zama handia familientzat
Hirukidek seme-alabak dituzten familia asko eta asko, bereziki kide ugarikoak izanez gero, pandemiaren une honetan pairatzen ari diren karga ekonomiko handia nabarmendu du: milaka familia zaurgarritasun handiko egoeran daude, guraso askok ABEEEa jaso dutelako, edo autonomoak izanik beren negozioetan diru-sarrerak galtzen jarraitzen dutelako, edo dagoeneko negozioak itxi behar izan dituztelako. Horri pandemiak berak sorturiko karga emozionala eta kontziliazioaren zama gehitu behar zaizkio, familiak horiek ere jasaten ari baitira. Horregatik guztiagatik, elkarte biek uste dute argindarraren kostuaren igoerak presio handiagoa eragiten diela familiei, nahiz eta Gobernuari sos batzuen kontua besterik ez iruditu; izan ere, familia askoren egoera zaurgarria areagotzen du eta haietako ugariri beste kezka bat sortzen die.
Hirukideren ustetan, familiei gero eta ahalegin gehiago egiteko eskatzen ari zaie, mota orotako ahaleginak, hala ekonomikoak nola emozionalak, eta herritarrei exijitzen ari zaien erresilientzia-gaitasun hori, denboran luzatuz gero, jasangaitza da. Hori dela eta, neurriak hartzeko eskatu dio Gobernuari, familiek beren egoera ekonomikoan kostu gehigarri gehiagorik jasan behar ez izateko, egoera hori dagoeneko oso larria baita.