Gazteentzako alokairurako laguntzaren hobekuntza

Gazteentzako alokairurako laguntzaren hobekuntza

Eusko Jaurlaritzak hainbat hobekuntza egin ditu gazteei alokairua ordaintzeko ematen dien 275 eurora bitarteko hileroko laguntzan. Besteak beste, laguntza jasotzeko hiru urteko gehieneko epea kendu du, beraz, aurrerantzean mugagabea izango da, betiere 36 urte bete arte. Horrez gain, kide ugariko familiek gehienez izan ditzaketen diru-sarrerak handitu ditu.

Neurria Gaztelagun programaren berrikusketaren harira ezarri da; joan den maiatzaren 6an abiatua, programak 18 eta 35 urte bitarteko gazteak ditu xede. Berritasunen artean, onuradun izateko aukera handiagoa dago, urteko diru-sarrera gordinen muga 18.000 eurotik 24.500era igo baita banakako eskatzaileentzat; familien kasuan ere igo egin da, 30.000 eurora, eta kide ugariko familien kasuan 32.000 eurora.

Gainera, erroldarekin lotutako baldintza urtebetetik sei hilabetera murriztu da; jaso beharreko gehieneko laguntza alokairuaren % 50etik % 60ra igo da, gehienez 275 euro jaso ahal izanda; eta diruz lagun daitekeen gehieneko alokairua hilean 800 eurora igo da, bizitegi-eremuaren arabera. Era berean, laguntzak jasotzeko baimendutako gehieneko alokairu-zenbatekoa handitu egin da: hiru hiriburuetan, 775 eurotik 800era; metropoli-eremuetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, 750 eurokoa izaten jarraituko du, eta gainerako udalerrietan hilean 675 eurokoa.

Hirukidek berriro eskatuko du honelako laguntzetan Familia-errenta estandarizatuaren (FEE) sistema aplikatzeko, kide ugariko familientzat ezarritako urteko diru-sarreren gehieneko zenbatekoa txikia delako, are txikiagoa norbanako edo familia batekin alderatuta. Gauza bera gehieneko alokairu-zenbatekoari dagokionez, kide ugariko familiontzat, duintasunez bizitzeko azalera handiagoa behar dugunontzat, ez dagoelako inolako diskriminazio positiborik.