Joan den abenduaren 13an, Ministroen Kontseiluak Familien Legearen aurreproiektua onartu zuen, eta datozen hilabeteotan Kongresuan behin betiko onartzeko izapideak hasi zituen. Oraindik ez dago indarrean sartzeko datarik, baina dagoeneko izan dugu zenbait xehetasunen berri, hala nola Lege-aurreproiektu honen barruan “kide ugariko familia” izendapena eta hala aitortzen gaituen Titulu ofiziala ezabatzea erabaki dutela. Aldi berean, izen eta titulu berria sortu dute, “Hazkuntzan laguntzeko behar handiagoak dituzten familiak”.
Hirukidek eta kide ugariko familien elkarte guztiek onuragarritzat jotzen ditugu etorkizuneko legearen hobekuntzak; alabaina, gure ustez, aldaketak gutxiespena eta atzerapausoa dakarzkigu kide ugariko familioi, kolektibo gisa gure identitatea ezereztuko duelako eta, horrela, ikusezin bihurtuko gaituelako. Izan ere, kolektibo handiago baten barruan sartuta, gure errealitatea eta beharrak lausotuta geratuko dira.
Hori dela eta, aste hauetan, Hirukidek Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioak (FEFN) abiatutako hainbat ekimenekin bat egin du, zeinen artean sinadurak biltzeko kanpaina lurralde bakoitzeko gure elkarteen aldetik eta familiek beren izenean alegazioak bidaltzeko ekintza nabarmentzen diren.
Beste behin, BATASUNAK INDARTSU EGITEN GAITUELA erakustea tokatu zaigu, eta zuen laguntza eskertu nahi dizuegu, ezinbestekoa baita.
Hona hemen Familien Lege-aurreproiektuan jasotako eta Euskadin egongo diren berritasun nabarmengarrienak:
- 4 seme-alabako familiak kategoria berezikoak izatera pasako dira.
- Kide ugariko familien onurak bi seme-alaba dituzten familia gurasobakarrei hedatuko zaizkie, guztiak izendapen berriaren barruan sartuta.
- Guraso batek desgaitasuna badu, eta 2 seme-alaba, izendapenaren barruan aitortuta egongo da. Orain arte ere hala zen, baina % 65eko desgaitasuna edo handiagoa bazuen.
- Era berean, bi seme-alaba eta genero-indarkeriaren biktima bat dituzten familiak kide ugarikotzat joko dira onurak izateko orduan, edo, banantze- edo dibortzio-kasuetan, gurasoetako batek zaintza bakarra lortzen duenean eta beste gurasoaren aldetik mantenu-pentsiorik jasotzen ez duenean.
- Zaintza partekatuaren kasuan, bi titulu egongo dira batera bizikidetza hausten den kasuetan, eta izatezko bikoteak ezkontzekin parekatuko dira, betiere tituluan batera agertu ahal izateko erregistratuta badaude. (Azken hori jada jasota dago Euskadin).
Bateragarritasunari laguntzeko beste neurri berri batzuk:
- Urtean 5 eguneko lan-baimen ordaindua senide bat, bikotekidea edo bizikide bat zaintzeko, ospitaleratuta badago edo gaixotasun larria badu.
- Urtean gehienez beste 4 baimen-egun, langileak osasun-arrazoiengatik, larrialdi medikoengatik edo senideren edo bizikideren bati medikuarengana laguntzeko hartu ahal izango dituenak.
- Gehienez 8 asteko guraso-baimen ordaindu gabea 8 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileentzat. Baimena etenik gabe edo etenda gozatu ahal izango da, harik eta haurrak aipatu adina bete arte. Baimen hau pixkanaka ezarriko da 2023tik aurrera; izan ere, aurten, 6 aste aplikatuko dira 2024an 8 aste horietara iristeko, ministroak jakinarazi duenez.