Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen aurkezpena

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen aurkezpena

Joan den ekainaren 27an, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeok Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legearen aurkezpenean izan ginen. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketako Sailburu Angel Toñak nabarmendu zuen lege honek aitorpena dakarkiela sektore hori osatzen duten erakundeen lanari. Izan ere, sektoreak euskal BPGren % 2 eragiten du, eta 35.000 laguni ematen die lan.

Hirugarren Sektore Soziala irabazi asmorik gabeko erakundeek osatzen dute, eta haien helburu nagusia da babesgabetasun-, ezgaitasun- eta mendekotasun-egoerak jasaten dituzten pertsona, familia eta kolektiboen gizarteratzea eta eskubideen egikaritze eraginkorra. Euskadin, 3.000 erakunde inguruk osatzen dute, 125.000 boluntarioren laguntzarekin jarduten dutenak.

Lege honen bidez, aurrera egin da erakundeok positiboki definitzeko orduan, hirugarren sektore gisa definitzeaz harago. Era berean, aintzat hartzen du haien ekarpena, historikoa zein egungoa, ekonomiaren aldetik ez ezik, kapital sozial gisa ere; hain zuzen ere, horixe aitortu eta sustatu nahi du legeak. Parte-hartze sozial antolatua biztanleria aktiboaren adierazpide da, eta jendarte zibil heldu eta parte-hartzailea osatzen laguntzen du.