González Mesa familia

González Mesa familia

González Mesa familia Luisa eta Harol, eta haien bost seme-alabak dira: Matías (9 urte), Gabriela (6), Martina (5), Tomás (3) eta Juan (1). Kolonbiarrak jatorriz, Getxon bizi dira. Familia nola eraiki duten hemen kontatu digute, eta nola egiten dioten aurre eguneroko bizimoduari zazpi kide izanda, lanaren, hazkuntzaren eta nork bere ekarpena eginez lortzen duten antolaketaren artean.  Elkarrizketa honetan, beren sustraiez, anai-arreben artean hazteaz eta kide ugariko familia gisa bizi duten esperientziaz ere hitz egiten dute.

“Anai-arreben artean haztea oso aberasgarria da; zaharrenak gazteenen eredu dira”

“Hirukide ezagutu aurretik, ez genekien ondo zertarako eskubidea genuen kide ugariko familia izateagatik”

Badira urte batzuk Kolonbiatik heldu zinetela. Nolakoak izan ziren lehen garai haiek Euskadin eta zerk lagundu zizuen egokitzen?

Lehenengo urteak gogorrak izan ziren, familia ez genuelako gertu eta dena berria zelako guretzat (kultura, ohiturak, etab.). Gainera, lan-merkatuan bidea egin behar genuen, baina ez zen batere erraza bertan sartzea. Egokitzen, pixkanaka ezagutu genuen jendeak lagundu zigun, gerora lagun bihurtu direnak; parrokietan ezagutu genituen pertsonek ere erraztu ziguten egokitzapen hura, badiegu zer eskertu, asko.  

Noiz hasi zineten sentitzen Euskadi ere bazela zuen etxea? Kolonbiako zeri eusten diozue familia-bizitzan?

Iritsi eta gutxira, beste norabait joatea pentsatu genuen, baina hemen –orduan genuen egoera gorabehera–, oso jende abegikorra dago. Egiatan, ez zen denbora asko igaro etxean bezala sentitzen hasi ginenerako.

Familiako ohitura askorekin jarraitzen dugu; horietako bat da –kolonbiarrontzat oso berezia eta gure herrialdeko tipikoa– Jesus Haurtxoaren jaiotzaren bederatziurrena, edo Novenas de Aguinaldos deritzona: abenduaren 16an hasi 24an amaitzen da, Jesus Haurtxoaren jaiotzaz. Oso pozgarria da haurrentzat, eta guretzat, berriz, elkarrekin ospatu ahal izatea.

Zer alde dago seme-alabak hemen hazteko moduaren eta zuok Kolonbian hazi zineten eraren artean?

Piloa. Adibidez, familiako ohiturak, hezkuntza-sistema –oso desberdina da–, lana eta gurasoek seme-alabei eskaintzen dieten denbora, eta bizitza sozial eta familiarra, guztiz bestelakoak baitira.

Bost seme-alaba izanik, 1 eta 9 urte bitartekoak, nolakoa da eguneroko bizimodua zuen etxean?

Goizean, haurrak eskolarako prestatzen ditugu, eta gu geu lanerako. Denek alde egin dutenean, Luisa etxeko lanak egiten eta Juan prestatzen hasten da, hura baita txikiena eta oraindik ez baitoa eskolara; erosketak-eta egiten ditu, etab. Gero, bere lanean aritzen da haurrak eskolatik itzuli arte. Ordu horretarako, Harol etxean egoten da eta anai-arrebak eskolaz kanpoko jardueretara eramaten ditu, ondoren, eskolako etxerako lanak, batzuek badituztenak, afaldu egiten dugu eta ohera joaten gara. Hori guztia Harolen ordutegiaren araberakoa da, aste batzuetan goizez eta beste batzuetan arratsaldez lan egiten duelako, eta bigarren kasuan logistika aldatu egiten da zertxobait.

Foto familia Glez Mesa 2 e1793973513400

Zein da zuon sekretua zeuen burua antolatzeko eta denera edo ia denera iristeko?

Taldean lan egitea beti, funtsezkoa da guretzat. Etxeko txikienak ere, lagundu ahal duen unetik beretik, badu zereginen bat esleituta.

Zer abantaila du hainbeste anai-arreben artean hazteak? Nolakoa da haien arteko harremana?

Anai-arreben artean haztea oso aberasgarria da; zaharrenak gazteenen eredu dira, onerako eta ez hain onerako. Horrez gain, oso eskuzabalak dira elkarrekin, gustukoen duten postrea inolako arazorik gabe ematen diote txikiari, haien arteko adiskidetasuna… eta beste gauza asko. Harremana ona da, eta beti dabiltza elkarrekin jolasean; borrokatu ere egiten dira, jakina, beste guztiak bezala.

Lana, hazkuntza, etxea, bost haurrek eskatzen duten logistika… nola banatzen duzue lana hori guztia kudeatzeko eta nola lortzen duzue kontziliatzea?

Oso ondo antolatuta. Biok ditugu asteko eginkizunak esleituta, beraz, dena da pixka bat errazagoa. Kontu batzuk aurreikusi ezinezkoak badira ere, senar-emazteok talde-lanean aritzea ez da zaila; gainera, haurrek ere etxeko lanetan parte hartzen dute, nork bere adinaren arabera: batek arropa biltzen du, beste batek ontzi-garbigailua jartzen du, etab.

Zuk, Luisa, urte batzuk daramatzazu jantzigintzan eta patroigintzan trebatzen; zer-nolako bilakaera izan du proiektu profesional horrek eta nola bateratzen duzu familiarekin?

Proiektua ondo doa, nire lanbidean jarduteko prestatzen eman dudan denbora guztiari esker. Zail samarra da lana eta familia bateratzea, ordu gutxi ditudalako lan egiteko; horrexegatik da hain garrantzitsua senarrak betetzen duen zeregina, baita egitekoen antolaketa ere, hark zaintzen baititu haurrak ni lanean aritzen naiz orduetan.

Zuon jatorrizko herrialdetik urrun bizi izanda, zein garrantzi du hemen familia- edo laguntza-sarea izateak?

Familiaren laguntza izatea oso garrantzitsua da. Guk eskerrak ematen dizkiegu gure familiei, haiek ere gure lorpen profesionaletan parte hartu dutelako, nolabait; gure seme-alabak zaintzen denbora emanez lagundu digute, gu profesionalki trebatu ahal izateko.

Zer da, gaur egun, zazpi kideko familia bat aurrera ateratzeko gauzarik zailena?

Guretzat, zailena alderdi ekonomikoa da. Alokairuak gero eta garestiagoak dira, baita elikagaiak ere, baina soldata ez da igotzen; orain irabazten duguna duela 10 urte irabazten genuen ia balio bera da.

Eta balantzaren beste aldean, zer da zazpi kideko familia izateak duen gauzarik onena?

Onena, zalantzarik gabe, familia bat garela. Gure etxean, unerik onenak eta txarrenak bizi izan ditugu, baina sekula ez gara bakarrik egon. Beti ditugu alaitasuna eta txantxak, barre asko egitea gustatzen zaigulako.

Jasaten duzue topikorik, begiradarik edo komentariorik kide ugariko familia, eta gaztea, zaretelako? Zuen ustez, jendeak beti ez ditu ulertzen zuenaren moduko familiak?

Bai, egunero bizi ditugu halakoak. Eta pertsona batzuek gurea bezalako familiak ez ulertzeko arrazoia da ez dutela sekula bat izan, edo ez direla zoriontsuak. Bestela, kide ugariko familia batean bizi den guztia ezagutuko balute, familiaren aberastasuna, ikasten diren balioak, ulertuko lukete.

Zuen esperientzian oinarrituta, administrazioek zer hobetu beharko lukete kide ugariko familien bizitza errazteko?

Etxebizitza eskuratzeko eskaintza handitu egin behar da, baina BOEak direnean kide askoz gehiago dituzten familiak kontuan hartuta, baita horiek erosteko eta eskuratzeko erraztasunak eman ere. Era berean, familientzat zerga gutxiago egon beharko liratekeela iruditzen zaigu.

Eta Hirukide zer da zuentzat?

Hirukide oso inportantea izan da guretzat. Elkartea ezagutu aurretik, ez genekien ondo zertarako eskubidea genuen kide ugariko familia izateagatik.

Aisiaren esparruan ere garrantzi handia izan du, familientzako jarduerak antolatzen dituelako, haurrei izugarri gustatzen zaizkienak, eta gurea bezalako beste familia batzuk ezagutzeko eta haiekin hainbat une bizi izateko aukera ematen duelako. Egia esan, Hirukide ezagutzea ekarpen handia izan da gure familiarentzat. 

Foto familia Glez Mesa 4

MOTZEAN

Zein da eguneko unerik onena?

Denok etxera itzultzen garenean.

Eta txarrena?

Zerbait kontrolaezina bihurtzen denean eta konpondu ezin dugunean.

Zer opa diozue familiari?

Pertsona zoriontsuak eta onak izatea.

Opor ezin hobeak?

Denok elkarrekin igarotzen ditugunak, berdin dio non.