Hemendik aurrera, seme-alabak dituzten langileek baimen berriak izango dituzte lana eta familia kontziliatzen laguntzeko. Baimen hauek, premiazko bidetik eta Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartuak, hauteskundeak aurreratu zirela-eta onartu gabe geratu zen Familien Legean jasota zeuden.
Lehenengo baimenarekin, 5 egun hartu ahal izango dira gaixotasun larria duen edo ospitaleratuta dagoen senide bat zaintzeko, edo ebakuntza egingo dioten senide bat, ospitaleratuta geratu behar izan gabe zainketak beharko dituena. Bigarren mailarainoko senide bat zaintzeko eskatu ahal izango da, hala nola aitona-amonak, neba-arrebak edo norberarekin bizi den edozein pertsona.
Ordaindutako bigarren baimena ezinbesteko arrazoiengatik urtean 4 egun hartzeko da, berehalako arreta behar duen senide bat zaintzeko lanera ez joatea ahalbidetzen duena eta orduka hartu ahal izango dena.
Azkenik, 8 asteko ordaindu gabeko guraso-baimena onartu da 8 urtera bitarteko seme-alabak dituzten langileentzat, adingabeak zaintzeko baliatu ahal izango dutena. Lanaldi osoz edo partzialez hartu ahal izango da, modu jarraituan edo etenean, adingabeak 8 urte bete arte.