Zirrara eta dibertimendua barra-barra

Zirrara eta dibertimendua barra-barra

Joan den larunbatean, irailaren 30ean, Kide Ugariko Familien X. Kongresua egin genuen. Ia 500 lagun bildu ginen, helduak, gazteak eta haurrak batuta. Egun ahaztezina familia guztiontzat: goiza zirraragarria izan zen eta arratsaldean gustura asko ibili ginen familia-giroan.

Bazkalostera arte, adinaren araberako programa espezifikoa garatu zen. Helduek inaugurazio-ekitaldia izan zuten, erakundeen hitzaldiez, Hirukideren bideo berriaren estreinaldiaz eta sari-banaketaz osatua, eta, ondoren, hiru hitzaldiak eta amaiera-ekitaldia izan ziren, argazki-lehiaketako sariekin eta sari handien zozketarekin batera.

“Kide Ugariko Familia” X sarien banaketa izan zen kongresuko unerik hunkigarriena; Jaime Lafita eta Ignacio Marcía de Guinea izan ziren sarituak. Lehenengoari, kide ugariko familia bateko aita eta Dale CandELA Fundazioaren presidente eta sustatzaile gisa, AEA gaixotasunaren aurka duen jarrera adoretsu, alaitsu eta biziagatik. Saria bere seme-alabetako birekin eta emaztearekin batera jaso zuen. Bigarrenari, 17 urtez Hirukideren presidente izandakoari, elkarteari eskainitako eta emandako guztiagatik. Kargua duela bi hilabetera arte bete zuen.

Lehen hitzaldia Pedro García Aguado mediatikoak eman zuen. Bere bizipen eta esperientzia pertsonaletan oinarrituta, seme-alabei familia-ingurune segurua eskaintzearen garrantziaz hitz egin zuen. Ondoren, Mar Romera psikopedagogoak adimen emozionalak etxean eta seme-alaben hezkuntzan duen garrantzia nabarmendu zuen bere hitzaldian. Eta, azkenik, Jorge Ortiz de Urtaran trebatzaileak motibazio-dinamika bat bideratu zuen, gurasoei beren bizitza pertsonala eta familiarra hobetzeko beharrezko urratsak egiten erakusteko.

Helduen programarekin batera, haurtzaindegi-zerbitzua izan genuen 13 urtetik beherakoentzat, haientzako plan osoarekin, adinen arabera banatuta. Hala, txikienek puzgarriak, jolas bideratuak, txokoak eta eskulan-tailerrak izan zituzten; 6 urtetik gorakoak, berriz, Bizkaia Park Abenturara joan ziren.

Era berean, 13 urtetik gorako Hirugazteek, saio propioa izan zuten Pedro García Aguadoren eskutik, bai eta dinamika bat ere Jorge Ortiz de Urtaranekin.

Kongresuari amaiera emateko eta egun eguzkitsu baten laguntzarekin, luntxa eta gero gurasoek bi jarduera oso entretenigarri egin zituzten seme-alaba adingabeekin: bisita San Mamesera edo Itsas Museora eta, ondoren, osteratxoa itsasontzian Bilboko itsasadarrean barrena. Bestalde, Hirugazteko gazteak aurrena San Mamesen eta gero Sopuerta Abentura tirolina-parkean izan ziren.

Azken batean, oso ondo aprobetxatutako jardunaldia izan zen. Hala, bai helduak bai haurrak  irribarretsu eta gure erakunde laguntzaileek emandako agur-pakete bat aldean itzuli ziren etxera.