Rebeca García

Rebeca García

Adimen emozionalean trebatzailea eta aholkularia, eta Hirukideren hitzaldietako hizlaria

“Emozio guztiak zilegi dira; jokamolde guztiak, ordea, ez”

“Gure seme-alabek jakin behar dute ahaleginak balioa duela, azken emaitza espero zena izan ez arren”

“Adimen emozionala ikasi eta entrenatu egiten da; eta zenbat eta gehiago landu geurea, orduan eta tresna gehiago eskain diezazkiekegu”.

Luze hitz egiten dugu adimen emozionalaz, baina zer esan nahi du, zehazki, seme-alabak emozionalki hezteak?

Emozionalki heztea da seme-alabei sentitzen dutena ulertzen eta horrekin zer egin jakiten irakastea. Emozioak mezulariak direla esan ohi dut: denek dakarkigute informazioa. Ez dago ez emozio onik ez txarrik; zerbait izatekotan, atseginak edo desatseginak dira. Beldurrak balizko arrisku batez ohartarazten gaitu, tristurak nolabaiteko galeraz hitz egiten digu. Haserreak gure mugaren bat gainditu dela adierazten digu. Emozio horiek ezagutzen eta zer mezu dakarkieten ulertzen irakatsi behar diegu, zer behar duten eta sentitzen ari direnarekin zer egin dezaketen jakin dezaten.

Sentitzen duten hori zer den jakiteko tresnak ematea, izendatzea, ulertzea eta erantzuna egokitzen ikastea da, nire ustez, bizitzarako ikaskuntzarik garrantzitsuenetakoa.

Haserre, triste edo frustratuta daudenean, lehenbailehen pasa dakien nahi izaten dugu. Nola lagundu beharko genituzke emozio horiek?

Biziki kostatzen zaigu seme-alabak sufritzen ikustea, eta, ia konturatu ere egin gabe, emozioa kentzen saiatzen gara, esanez “ez egin negar”, “ez da hainbesterako”, “tira, anima zaitez”…

Baina laguntzea ez da sentitzen dutena desagerraraztea. Batzuetan, zera esatea besterik ez da: “Ulertzen dut haserre egotea. Hau garrantzitsua zen zuretzat”.

Halere, kontuz: emozio bat onesteak ez du esan nahi ados egotea edo arrazoia ematea, baizik eta beste pertsonak sentitzen duena benetakoa dela eta bere esperientziatik zentzua duela onartzea. Ez du esan nahi, halaber, edozein jokabide onartu behar denik. Uler dezaket oso haserre egotea eta, aldi berean, muga bat jarri ahal dut: haserre egotea ondo dago; iraintzea edo jotzea, aldiz, ez. Emozio guztiak zilegi dira; jokamolde guztiak, ordea, ez.

Zer aldatzen da laguntza horretan haurtzarotik nerabezarora igarotzen direnean?

Nerabezaroan, beren nortasuna eraiki behar dute, eta espazio propioa dutela sentitu. Beharbada, lehen dena kontatzen ziguten, eta orain, aldiz, “ezer ez” erantzuten digute edo beren logelako atea ixten dute. Horrek ez du esan nahi garrantzitsuak izateari utzi diogunik. Beharra dutenean guregana jo dezaketela jakin behar dute, baina gu une oro gainean sentitu gabe: galdeketa gutxiago, berehalako konponbide gutxiago eta entzute gehiago.

Nik askotan proposatzen dut aldaketa erraz hau: “Zer gertatzen zaizu?” beharrean, “zer behar duzu?” galdetzea. Maiz, haiek ere ez dakite azaltzen zer gertatzen zaien edo zerk eragiten dien ondoeza. Zer behar duten galdetuz gero, arreta beste kontu batean jarriko dugu: zerk sentiaraz litzakeen hobeto pentsatzen eta erantzuna eurek aurkitzen lagunduko diegu.

Gainera, solasaldirik onenak ez dira beti gertatzen “hitz egin dezagun” erabakitzen dugunean. Batzuetan, autoan suertatzen dira, edo afaria prestatzen ari garenean, edo ohera joaterakoan, presio txikiagoa dagoenean. Eta egunen batean gauza “handiak” konta diezazkigutela nahi badugu, lehenik eta behin “txikiak” kontatzen dizkigutenean zer egiten dugun egiaztatu beharra dute.

Zer egin dezakegu autoestimu osasungarria eraikitzen laguntzeko?

Seme-alaben autoestimua ez dugu eraikiko zein zoragarriak diren behin eta berriz esanez. Maitatuak eta balioetsiak sentitu behar dira, jakina, baina helburua da beren kabuz jakitea zein diren beren dohainak, indarguneak eta balioa.

Beren burua ezagutzen lagun diezaiekegu, haien ahaleginak aitor ditzakegu, huts egiten utz diezaiekegu eta zailtasunak gainditzeko gai direla egiazta dezakegu. Kontua ez da “zuk ahal duzu” esatea, baizik eta aukerak ematea egunen batean beren buruari “ahal dut” esan diezaioten.

Eta, une horretan, kontu handiz zaindu behar dugu hizkuntza. “Zu zara…” zuzenean doa haren identitatera, baita baieztapenak positiboa dirudienean ere. “Oso bizkorra zara”, “lotsatia zara”, “desastre hutsa zara”… beren buruaz eraikitzen duten irudia baldintzatu dezakete. Horrexegatik proposatzen dut “zu zara” beharrean “zuk egiten duzu” esatea eta jokabide zehatzei buruz hitz egitea: “Lan handia egin duzu”, “Oso eskuzabala izan zara”, “Kostatzen bazitzaizun ere, saiatzen jarraitu duzu”.

Ez dugu nor diren esateko premiarik. Eurek beren kabuz jakiteko espazioa eta denbora behar dute. Autoestimu osasungarria ez datza “aparta naiz edozertan” pentsatzean, ezpada beste honetan: “Ez naiz perfektua; gauza batzuk ondo egiten ditut, beste batzuk kostatu egiten zaizkit, eta, hala ere, baliotsua naiz”.

Sare sozialak, notak, itxura fisikoa, taldeetan kide sentitzeko beharra… Gure seme-alabek beste garai batzuetan baino gehiago jasan dezakete konparazioaren eta presioaren eragina?

Bai, zalantzarik gabe. Konparazioa jada ez da amaitzen eskolatik irtendakoan. Poltsikoan daramaten leihoaren bidez, orduak eta orduak ematen dituzte ustez ederragoak eta zoriontsuagoak diren pertsonak ikusten, lagun gehiago dituztenak, plan hobeak egiten dituztenak edo itxuraz bizitza ezin hobea dutenak.

Ezin ditugu konparazio guztietatik babestu, baina beti baliagarria izango zaien zerbait garatzen lagundu ahal diegu: nork bere irizpidea izaten. Irakats diezaiekegu beren buruari zera galdetzen:  “Zer da garrantzitsua niretzat?”, “zer gustatzen zait benetan?”, “noren antza izaten saiatzen ari naiz, eta zergatik?”. Zenbat eta hobeto ezagutu beren burua eta zenbat eta seguruago jakin nor diren, orduan eta gutxiago begiratu beharko diete besteei eurak ondo dauden edo nahikoa diren erabakitzeko.

Nola transmititu ahaleginaren garrantzia, gehiegizko autoexijentzia edo huts egiteko beldurra sortu gabe?

Ahalegina emaitzatik bereiziz. Ahalegintzea konprometitzea da, praktikatzea, eustea, akatsetatik ikastea eta saiatzen jarraitzea.

Horregatik da oso garrantzitsua nola erreakzionatzen dugun guk haien akatsen edo porroten aurrean. Ikasketetan gutxiegi batek etsipena, gaitzespena edo konparazioak eragiten baditu, porrotaren beldur izaten ikas dezakete. Aldiz, galdetu diezaiekegu: “Zer gertatu da?”, “zer ikas dezakezu honetaz?”, “zer egingo zenuke beste era batera hurrengoan?”. Horrela, akatsa ez da izango epaia, ikasteko aukera baizik. Gure seme-alabek jakin behar dute ahaleginak balioa duela, azken emaitza espero zena izan ez arren.

Gurasooi kostatu egiten zaigu haiek sufritzen edo huts egiten ikustea. Noiz lagundu behar diegu eta noiz komeni da zailtasun bati beren kabuz aurre egiten uztea?

Geure buruari galde diezaiokegu: “Alabak/semeak hau ezin du bere kasa konpondu ala neuri egiten zait zaila saiatzen den bitartean hura deseroso ikustea?”. Izan ere, maite ditugulako, bidetik harriak kentzera jo dezakegu, nahiz eta haiek dagoeneko gai izan zailtasun horiek gainditzeko. Eta zailtasun txiki bakoitzak funtsezko zerbait ikastea ahalbidetzen die: “Honi aurre egin diezaioket”.

Egoera batzuetan gure laguntza beharko dute, jakina. Baina, beste batzuetan, arazo bat lagun batekin, nota txar bat edo zerbait espero ez bezala atera zaiela  izango da. Eta hori konpontzeko izugarrizko gogoa izango badugu ere, agian guregandik gehien beharko dutena gertu egotea, entzutea eta aurre egin diezaioketela sinestea izango da.

Ezin dizkiegu zailtasun guztiak saihestu, baina gainditzeko zer baliabide dituzten jakiten lagundu ahal diegu.

Foto Rebeca 1

Zenbateraino eragiten die helduok elkarri hitz egiteko, estresa kudeatzeko eta erreakzionatzeko dugun moduak?

Izugarri. Gure seme-alabek askoz gehiago ikasten dute zer egiten dugun ikustetik zer egin beharko luketen entzutetik baino.

Gai gara lasai egon daitezela eskatzeko eta, aldi berean, gu beti ezin azkarrago bizitzeko; sakelakoa alde batera utz dezatela eskatzeko eta guk une oro eskuan izateko; edo elkarri errespetuz hitz egin diezaiotela eskatzeko eta gu, haserretzen garenean, sutan jartzeko eta edonola hitz egiteko. Egiten dugunak esaten dugunak adina edo gehiago hezten du.

Eta horrek ez du esan nahi guraso emozionalki perfektuak behar dituztenik. Halakorik ez dago munduan. Gelditzen, arnasa hartzen, muga bat jartzen, laguntza eskatzen, geure burua zaintzen, nekatuta gaudela onartzen ikusten gaituztenean ere ikasi egiten dute, edo zera esaten entzuten digutenean: “Hanka sartu dut, barkatu”. Emozionalki hezteko gakoa gu geu gara: irakatsi nahi diegun hori gure bizitzan aplikatzen saiatu behar gara, ezertan hasi aurretik.

Lana, etxea, seme-alabak, betebeharrak… Horrenbeste arduraren artean, familia asko denera ez iristeko sentsazioaz bizi dira. Nola zaindu dezakegu geure ongizate emozionala modu errealistan?

Lehenik eta behin, nork bere burua zaintzeko bi ordu libre eduki, spa batera joan edo ezin hobeto antolatutako bizimodua eduki behar dela pentsatzeari utziz.

Batzuetan, autozainketa ordu erdi gehiago lo egitea da, laguntza eskatzea, paseatzera irtetea, ezetz esatea, zerbait egiteke uztea, gozamena eragiten digun jarduera bat berriz egiten hastea edo, besterik gabe, geure buruari “ni nola nago?” galdetzea.

Akituta eta gainezka bizi garenean, pazientzia gutxiago izaten dugu, entzuteko gaitasun eskasagoa, eta errazago erreakzionatzen dugu. Geure burua zaintzea ez da familia bazter uztea. Hobeto gaudenean, besteentzat ere hobeto egon gaitezke.

Familia batek bere giro emozionala hobetzen hasi nahiko balu, etxean zer aldaketa txiki egitea gomendatuko zenioke?

Oso gauza erraza eginez hasiko nintzateke: sentitzen dugunari buruz gehiago hitz egin. Gure emozioak izendatu, “zer behar duzu?” galdetu, dena berehala konpontzen saiatu gabe entzun eta etxean zaila egiten zaiguna ere adierazteko aukera eman.

Dena den, gure seme-alabei adimen emozionala irakasteko, helduok geure buruarengandik hasi behar gara: geure burua hobeto ezagutuz, sentitzen duguna identifikatuz eta hori kudeatzeko tresnak eskuratuz. Adimen emozionala ikasi eta entrenatu egiten da, eta geurea zenbat eta gehiago landu, orduan eta tresna gehiago eskaini ahal izango dugu. 

Finean, familia da gure eskola emozional nagusia. Ez dugu behar gure etxean mundu guztia beti ondo egotea, baizik eta bertan pozik, haserre, triste edo kezkatuta egon ahal izatea eta, hala eta guztiz ere, maitatuak eta seguru sentitzen jarraitzea. Agian, horixe da gure seme-alabei helaraz diezaiekegun mezurik garrantzitsuenetakoa: “Sentitzen duzuna sentitzen duzula, beti jo dezakezu niregana”.