Hirukidek Hazkuntzaren aldeko Aliantzarekin bat egin du familientzako eta haurrentzako zuzeneko laguntza handiagoa eskatzeko

Hirukidek Hazkuntzaren aldeko Aliantzarekin bat egin du familientzako eta haurrentzako zuzeneko laguntza handiagoa eskatzeko

  • Seme edo alabagatiko prestazio unibertsala Hirukideren aldarrikapen historikoa da, urteak eta urteak baitaramatza familiei seme-alaben hazkuntzan laguntzeko zuzeneko laguntza egonkorrak eta nahikoak eskatzen.
  • Ekimena Familiaren Nazioarteko Eguna ospatuko den astean aurkeztuko da, datorren ostiralean, maiatzaren 15ean.

Hirukidek, Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioaren (FEFN) bitartez, Hazkuntzaren aldeko Aliantza sortu berriarekin bat egin du, hainbat gizarte-erakunde haurrentzako babes handiagoa eta familiei benetako eta zuzeneko laguntza emateko neurriak eskatzeko sustatzen ari diren ekimen bateratuarekin, hain zuzen ere.

Aliantzaren aurkezpena Familiaren Nazioarteko Eguna ospatuko den astean egingo da, eta, Hirukideren ustez, data bereziki egokia da gogora ekartzeko hazkuntzak ezin duela kontu pribatua izaten jarraitu eta, alderantziz, gizarte-erantzukizuna izan behar duela, politika publiko egonkor, nahiko eta familien errealitatera egokituak behar dituena.

FEFNk, Save the Children-ek, Ama Bakarreko Familien Federazioak, Hautuz Ama Ezkongabeen Elkarteak eta Familia Elkarteen Batasunak sustatua, Hazkuntzaren aldeko Aliantza sortu da Espainian milaka familiak hazkuntzaren kostu handiaren, lan-prekarietatearen eta familia-politiken urritasunaren aurrean bizi duten egoera agerian uzteko.

Beste neurri batzuen artean, Aliantzak ondorengo bakoitzeko prestazio unibertsala sor dadila eskatzen du, Europako herrialde gehienetan dagoena bezalakoa. Hirukidek gogorarazi du prestazio hori erakundearen aldarrikapen historikoa dela, urte asko baitaramatza familiei seme-alaben hazkuntzan laguntzeko eta seme-alabak edukitzearen benetako kostua aitortzeko zuzeneko laguntza egonkor eta nahikoak eskatzen.

“Seme-alabak dituzten familien ekarpena, gizarte-balio hori, ukaezina da, baina gehiegitan ia bakar-bakarrik egiten dute umeak hazteak berekin dakarren ahalegin ekonomikoa, antolatzekoa eta emozionala. Hazkuntzarako laguntza familiekiko justizia-kontua ez ezik, gure gizartearen etorkizunerako ezinbesteko inbertsioa ere bada”, nabarmendu du Hirukidek.

Prestazio unibertsala BEREHALA ezartzeko sinadurak

Neurri hau bultzatzeko, haur eta familien aldeko bost erakundeek sinadurak biltzeko kanpaina abiatu dute hazkuntzagatiko prestazioa BEREHALA ezar dadin (esteka); horrela, gizarteari haur eta nerabe guztientzako zuzeneko laguntza hori babesteko eskatu nahi diote, hazkuntzaren kostuei aurre egiten laguntzeko eta familia ororentzako benetako aukera- eta laguntza-berdintasuna bermatzeko.

Hirukidek Euskadiko familiak ere kanpainarekin bat egitera animatzen ditu, federazioak bere lan instituzionalean erakundeei behin eta berriz helarazten dien eskaera den aldetik. Erakundeak aintzat hartzen ditu Euskadin egindako aurrerapausoak lehen eta bigarren haurrentzat lau urtera arte, eta hirugarrenentzat eta ondorengoentzat —baita familia gurasobakarrentzat ere— zazpi urtera arte. Halere, beharrezkotzat jotzen du adin-nagusitasunera arte aurrera egiten jarraitzea Europaren pare benetan egon arte. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak berriki egindako Familien Nazioarteko I. Biltzarrean gogorarazi zen Espainiak BPGren % 1,3 bideratzen duela familia-prestazioetara; ELGAk eta EBk, berriz, % 2,3 batez beste. Hori dela eta, Hirukidek seme-alaben kopurua kontuan hartuta laguntza proportzional, egonkor eta iraunkorra eskainiko duten familia-politikak aldarrikatzen ditu.

Haur-kotxeak Kongresuaren parean

Hazkuntzaren aldeko Aliantza Diputatuen Kongresuaren parean aurkeztu da, haurtzarotik nerabezarora bitarteko etapetan ohikoak diren produktu eta materialez betetako haur-orgatxoz egindako ekintza sinbolikoan.

Pixoihalak, elikagaiak, eskola-materialak, arropak, higiene-produktuak, motxilak edo liburuak baliagarriak izan dira haurrak hazteak berekin dakarren eguneroko eragin ekonomikoa islatzeko, alegia, familia askok laguntza publiko gutxiegirekin ordaindu behar dituzten kostu iraunkor eta gero eta handiago horiek.

Aliantzako erakundeek salatu dute Espainian seme-alabak haztea desberdinkeria-, pobrezia- eta gainkarga-faktorea dela gaur egun, bereziki ama bakarreko familientzat, kide ugariko familientzat eta desgaitasuna duten haurren familientzat.

Haurren alde batutako familiak

Hazkuntzaren aldeko Aliantza haur, nerabe eta familien arloko erakunde erreferenteentzako gune komuna izateko sortu da, guztiek ere premiazkotzat jotzen dutelako haurrak eta nerabeak, hazkuntza eta zaintza, lehentasunezkoak izatea agenda publikoan eta familia-politika bidezkoago, egonkorrago eta unibertsalagoetarantz aurrera egitea. 

Erakunde kideek hazkuntzagatiko prestazio unibertsala ez ezik, familiei laguntzeko beste neurri batzuk ere eskatzen dituzte, familia guzti-guztiei benetako babesa eskainiko dietenak bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontuan hartuta. 

Besteak beste, honako hauek: jaiotzagatiko, harreragatiko eta adopzioagatiko baimenak luzatzea eta guraso-baimenak ordaintzea; hazkuntzan eta kontziliazioan laguntzeko zerbitzu publikoak indartzea; laguntza nahikoak eta eraginkorrak desgaitasuna duten haurren familiek beren eskubideak eta premiak erabat bermatuta izan ditzaten; familia gurasobakarren aitorpen urgentea, lehen haurra duten unetik babestuko dituen eta diskriminazio oro desagerraraziko duen berariazko lege baten bidez; eta kide ugariko familien lege zaharkitua eguneratzea, seme-alaba guztiak har daitezen kontuan eta, hala, laguntzak eta prestazioak denek jasoko dituztela berma dadin, ez lehen eta bigarren ondorengoek bakarrik.