Andaluziako Juntak atzo, apirilaren 15ean, kide ugariko familiaren titulua seme edo alaba adingabeak 26 urte bete arte eduki ahal izatea onartu zuen, oro har, ondorengo zaharrenaren adinarekin lotuta egon beharrean. Aldaketa garrantzitsua da, familia askori titulua eta horrek dakartzan onurak denbora luzeagoz izatea ahalbidetuko dielako, eta, aldi berean, administrazio-izapide errepikakorrak murriztuko dituelako.
Orain arte, seme-alabetako batek 21 urte betetzen dituenean kide ugariko familiaren titulua berritu behar izatea izan da ohikoa autonomia-erkidego askotan, eta, ikasten jarraitzen badu eta baldintzak betetzen baditu, titulua urtean behin edo baita bi aldiz ere berritu behar izatea, erakunde bakoitzaren arabera, seme-alabek 21 urtetik 26 urtera urteak betetzean hainbat hilabeteko aldea badute.
Urrats hau eginda, Andaluzia araudi hori malgutu duten beste erkidego batzuei batu zaie. Valentzia aitzindaria izan zen 2021ean; Madrilek 2023an egin zuen; Galiziak eta Kantabriak, 2024an; eta Gaztela eta Leonek, 2025ean. Haien erreferentzia, hainbat ñabardurarekin, seme edo alaba adingabearen 26 urteak izan ziren tituluaren indarraldiari eusteko.
Andaluziaren kasuan, Juntak egindako aldaketa araua egungo gizarte-errealitatera egokitzeko eta haren kudeaketa sinplifikatzeko beharrari zor zaio. Aldaketak kide ugariko familiaren izaera edukitzen jarraitzeko baldintzak aldatzen dituen edozein egoera jakinarazteko betebeharrari eusten dio, baina saihestu egiten du familiek titulua behin eta berriz berritu behar izatea seme edo alaba zaharrenak urteak betetzeagatik baino ez.
Hirukidek nabarmendu du, beste behin ere, borondate politikoa dagoenean araudia kide ugariko familien errealitateari egoki dakiokeela. Euskadin, federazioak behin baino gehiagotan helarazi die eskaera hori bera Eusko Jaurlaritzari eta hiru aldundiei, baina orain arte ez da inolako aurrerapenik izan araudian, familientzat titulua urtero berritu behar izatea nekeza izan eta administrazioan bertan ere tramite burokratiko piloa eragin arren. Are gehiago Eusko Jaurlaritza Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Legearen aurreproiektua izapidetzen ari denean, “erantzukizunpeko adierazpenak” erabiltzea espresuki jasotzen duena.Erantzukizunpeko adierazpenen formula horrek ahalbidetuko luke, Euskadin ere tituluaren indarraldia seme edo alaba adingabeak 26 urte bete arte luzatu ondoren, 21 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiek beren eskubideei eusteari eragiten dion edozein aldaketa jakinaraztea eta, horrela, titulua urtero alferrik berritu behar izatea, Euskadin familia gurasobakarrekin egiten hasi den bezala.
