Hirukidek Donostiako Gizarte Kontseiluaren Saria irabazi du “Gutun bat zuretzat” belaunaldiarteko ekimenagatik

Hirukidek Donostiako Gizarte Kontseiluaren Saria irabazi du “Gutun bat zuretzat” belaunaldiarteko ekimenagatik

2025eko abenduaren 1a

Hirukidek, Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak, Donostiako Gizarte Kontseiluaren 2025eko Herri Ekimen Onenaren Saria jaso zuen atzo arratsaldean “Gutun bat zuretzat” proiektu solidarioagatik. Sariak, Deustuko Unibertsitatearekin batera ex aequo banatuak, 2023an Gabonetan adinekoei laguntzeko jaio zen ekimenaren gizarte-inpaktua nabarmentzen du, eskuz idatzitako gutunen bidez belaunaldiarteko harremanak sortzen baititu.

Ekitaldian, Donostiako udaletxean, proiektu parte-hartzaile guztiak ezagutu ahal izan ziren finalisten eta sarituen berri eman aurretik. Deustuko Unibertsitateaz gain, saritua hura ere, Gizarte Kontseiluak San Sebastián Shops eta Diario Vasco aitortu zituen, diploma bana emanez, “Gure Donostia”.

Iñigo Abreu Hirukideko presidenteak honako hau azpimarratu zuen saria jaso zuenean: “‘Gutun bat zuretzat’ ekimenak agerian uzten du eskutitz bat idazteak, horren ekintza xumeak, izugarrizko eragina izan dezakeela pertsonen bizitzan. Milaka gaztek eta ehunka adinekok beren artean sortu dituzten harremanek gogorarazten digute hurbiltasunak eta hitzek komunitatea eraikitzeko tresna oso boteretsuak izaten jarraitzen dutela”.

Gabonetan belaunaldiak batzen dituen proiektua

“Gutun bat zuretzat” gazteak eta adineko pertsonak harremanetan jartzeko jaio zen, lehenengoek bigarrenei eskutitz pertsonalizatuak idatziz eta, ondoren, egoitzetan eta eguneko zentroetan emanez. Hirukidek nabarmentzen du gazte askok, ekimenari esker, lehen aldiz idatzi dutela gutun bat eskuz edo bisitatu dutela egoitza bat, eta adineko askorentzat urteetan jaso duten aurreneko gutuna izan dela.

Edizio honetan saritutako ekintza 2024an abiatu eta irailean gauzatu zen, Hirugaztek, Hirukideko gazteen atalak, Euskadiko ikastetxe publiko eta itunpeko guztiei idatzi zienean bertako ikasleak —Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Lanbide Heziketarainokoak— proiektuan parte hartzera gonbidatzeko. Aldi berean, ikastetxeetatik gertuko adinekoen egoitzekin eta zentroekin harremanetan jarrita, parte hartu nahi zutela baieztatu zuten eta gutunen hartzaileen izenak jakinarazi zituzten, baita gutunok pertsonalizatzea ahalbidetu zuten zenbait datu ere. Informazio horrekin, irakasleek jarduera antolatu zuten ikasgeletan, ikasle bakoitzak pertsona jakin bati idatz ziezaion. Eskutitzak banatzeko egunak finkatu ostean, ikasleak egoitzetara joan ziren hartzaileei eskura emateko eta, kasu askotan, aurrez aurre irakurtzeko. Bisita horiek Gabonen aurreko asteetan egin ziren, batzuetan beste jarduera batez lagunduta, gabon-kantez edo estetikako hezkuntza-zikloetako ikasleen eskutik manikurako tratamendu txikiez eta eskuetako masajeez, kasu.

Edizio horretan, proiektua nabarmen hazi zen. 43 ikastetxetako 2.574 gaztek hartu zuten parte, eta Euskadiko 51 egoitza eta eguneko zentrotako 1.869 pertsonak jaso zituzten gutunak. Gipuzkoan, zehazki, 19 ikastetxetako 900 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte eta eskutitzak lurraldeko beste hainbeste egoitzatan banatu ziren.

Hirukidek eskerrak eman nahi dizkie beren harrera eta laguntza paregabeaz ekimena posible egin duten ikastetxe eta adinekoen egoitza zein zentroei. Izan ere, haien partaidetzari esker, “Gutun bat zuretzat” hazi egin da eta, gainera, hainbat ikastetxe antzeko ekintzak abiatzera bultzatu ditu, espiritu solidarioa eta belaunaldiarteko topaketen balioa proiektuaz harago zabaltzeko.

2025eko Gabonak

“Gutun bat zuretzat” ekimenaren 2025eko edizioa joan den irailean hasi zen eta, hilabete hauetan, harrera bikaina izan du bai ikastetxeetan bai adinekoen egoitza eta zentroetan. Aurten ere, irakasle, ikasle eta ikastetxeen parte-hartzea oso handia izaten ari da; hala, ekimena urteko garai bereziki esanguratsuan hainbat belaunaldi batzeko urteroko hitzordu bilakatu da. Eskutitzak banatzeko bisitak egin ostean, datorren astetik aurrera, belaunaldiarteko topaketak egingo dira, urtero proiektuari amaiera ezin hobea ematen dieten horiek.

26 urte familiei laguntzen

Hirukidek 26 urte daramatza oro har seme-alabak dituzten eta bereziki kide ugarikoak diren Euskadiko familien alde lan egiten, haiek babestuz, haien eskubideak defendatuz eta gizarte-kohesioa sendotzen duten balioak sustatuz. Jaso berri duen sariak, ibilbide horri bultzada emateaz gain, belaunaldien arteko elkartasuna sustatzen duten ekimenen aldeko apustua balioesten du.