Mugikortasun Iraunkorraren Lege berria eta kide ugariko familiak

Mugikortasun Iraunkorraren Lege berria eta kide ugariko familiak

Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioak (FEFN) eskatu dio Gobernuari ez zigortzeko gure kolektiboa Mugikortasun Iraunkorraren Legean, garraioa CO₂ emisioen arabera mugatu nahi duen horretan. Izan ere, araudi berriak, egun Senatuan izapidetzen ari denak, kide ugariko familiak zigor litzake, auto handiagoak eta potentzia fiskal handiagokoak erabiltzeagatik, askotan arrazoi objektiboengatik beharrezkoa izaten duguna.

FEFNk ohartarazi du kaltetuak izan gaitezkeela, kide ugariko familia askok monobolumenak edo furgonetak gidatzen baititugu —kasu askotan, errekuntza zaharrekoak—, beste aukerarik ez dugulako. Hori dela eta, gure egoera kontuan har dadila eta kide gehiago izateagatik besterik ez zigortuak izatea saihestuko duten salbuespenak edo hobariak ezar daitezela eskatzen dugu.

Kasu gehienetan, autoa modu arduratsuan erabiltzen da, haurrak eskolara edo jardueretara eramateko; gainera, ibilgailuak okupazio handikoak direnez, pertsonako gutxiago kutsatzen dute. Eurostaten arabera, Europako batezbestekoa 1,6 lagunekoa da autoko; gure kasuan, aldiz, okupazioa askoz ere handiagoa da.

Badakigu ibilgailu efizienteagoak eskuratzea ez dela batere erraza, oso garestiak direlako; hortaz, MOVES planeko eta beste programa batzuetako laguntzak indartzeko eskatzen dugu, bereziki errenta txikiak dituzten familientzat. Kide ugariko lau familiatik hiruk zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko eta, ondorioz, egun duten autoa ECO batekin ordezkatzea ezinezkoa da askorentzat.  

Mugikortasun Iraunkorraren Legea, duela egun batzuk Kongresuan onartua, Senatuan dago orain izapidetze-fasean, eta bertan onartutakoan Kongresura itzuliko da behin betiko onesteko, ustez urtearen amaieran. FEFNk kide ugariko familiak aintzat hartzeko eta autoaren erabileran zigortuak ez izateko neurriak babesteko eskatu die talde parlamentarioei.