Joan den otsailaren 27an, Ministroen Kontseiluak Familien Lege Proiektua onartu zuen, kide ugariko familia izena eta Titulua desagertzea planteatzen duena. Lege berria oraindik ez dago onartuta, aurrena Parlamentura eraman behar delako zuzenketak eta berrikuspenak egin diezazkioten; besteak beste, espero dezagun gure izaerari eta tituluari eustea…
Horretarako, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioa (FEFN) Pablo Bustinduy ministroarekin bilduko da, martxoaren 12an, gure ustez kontzeptua, titulua eta babesten gaituen legea zergatik mantendu behar diren azaltzeko. Era berean, Parlamentuko taldeekin biltzen jarraituko du, haien babesa lortzeko helburuz.
Aldi berean, elkarte guztion artean sinadura-bilketa egiten ari gara gure gaitzespena adierazteko, eta orain arte 80.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte. Oraindik egin ez baduzue, eskaera HEMEN sina dezakezue.
Izan ere, Lege Proiektuaren egungo testuarekin, “kide ugariko familia” izendapena desagertu egingo da eta “Seme-alaben hazkuntzarako premia handiagoko familiak” izango gara, beste errealitate eta behar batzuk dituzten familia gehiagorekin batera. Ondorioz, kolektibo gisa desagertu egingo gara, beste handiago baten barruan ikusezinak izango gara eta seme-alaba gehiagoko familiaren aitorpena galduko dugu; horrez gain, zalantzak sortuko dira egun kide ugariko familiak garen aldetik dagozkigun eskubide eta onuren gainean.
Hirukiden, badakigu zuotako askori zalantzak sortzen ari zaizkizuela etorkizuneko Legeari buruz, eta araudi berriak nola eragingo dizuen jakiteak kezka eta ezinegona sortzen dizuela, alegia, kategoriaz aldatuko zareten edo eskubideak galduko dituzuen jakiteak. Izan pazientzia, mesedez, oraindik ezer ez delako ziurra eta Parlamentuko izapidea igaro behar duelako azkenean zer aldaketa izango dituen ikusteko.
Halere, oraingoz, zer planteatzen du Familien Lege berriak, izenaren kontuaz gain? Esan bezala, ez da behin betikoa, baina hona hemen aurreikusitako zenbait berritasun:
- 4 seme-alabako kide ugariko familiak kategoria berezikoak izango dira, baita erditze edo adopzio anizkoitzeko 3 seme-alabakoak edo diru-sarrera doituak dituzten 3 seme-alabakoak ere.
- Gurasoen desgaitasun-maila murriztu egingo da, % 65etik % 33ra, 2 seme-alabako familietan kide ugariko familiatzat joak izateko.
- Dibortzio-kasuetan zaintza partekatua izanez gero, kide ugariko familia izaera bi gurasoek mantenduko dute, FEFNk eskatu bezala.
- Familia gurasobakarrek «titulu propioa» izango dute, hainbat onura ekarriko dizkiena, hala nola bekak, etxebizitzak eta abar eskuratzeko lehentasuna, bai eta 16 asteko doakotasuna ere haur-eskoletan. 2 seme-alaba edukiz gero, kide ugariko familien onura berak izango dituzte.
- Izatezko bikoteek ezkondutakoen eskubide eta onura berak izango dituzte, betiere Izatezko Bikoteen Erregistro batean inskribatuta badaude.
Datozen aste eta hilabeteotan, berritasunak ezagutu ahala, jakinaraziko dizkizuegu.