Bere jardueraren berri emango du Hirukidek

Bere jardueraren berri emango du Hirukidek

GOIENA ALDIZKARIA (Arrasate). Aukera ederra izango da familia ugariendako eta laster izango direnendako. Hitzordua irailaren 21ean da, 18:00retan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Hirukidek Arrasaten egingo duen lehen hitzaldia izango da hori, eta, herririk herri hilero egiten dituzten hitzaldi informatiboen testuinguruan kokatzen da. Hala, familia ugariek eta laster izango direnek, aukera izango dute federazioaren zerbitzuak eta jarduerak ezagutzeko, baina ez hori bakarrik, kolektiboak dituen laguntza eta hobari publikoei buruzko informazio zehatza emango baita hitzaldi horretan eta familiek eurek ere, beren iradokizunak helarazteko aukera izango baitute. Hitzaldia egingo duten egunean bertan, goizez, Hirukideren ordezkariak udaleko arduradunekin elkartuko dira hainbat proposamen helarazteko eta baita, Familia Arloko Udalerri Arduratsuen Dekalogoa emateko.

Berritasunak

Aurkezpenean, azken hilabeteotan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira. Berritasun horien artean nabarmentzekoak dira, saterako, pasaportea eta nortasun agiria egiteko tasen salbuespena. Izan ere, iaztik, kide ugariko familiek dohainik egin ditzakete horiek.  Beste berritasun bat da, kide ugariko familia izaeraren hedapena. Hori ere iaztik dago indarrean, eta, beraz, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak egeak ezarritako adina bete arte. Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik kanpo geldituko dira, baina, familiako gainerako kideen kasuan, familia ugari izaten jarraituko dute, gazteenak legezko adin hori bete arte.

Argiaren bonu soziala

Urtebete baino gehiagoan Industria Ministerioarekin bilerak egiten aritu ostean, Hirukidetik azaldu dute, argindarraren bonu soziala garatzen duen Errege Dekretua behin betiko noiz onartuko den zain daudela. Dekretu horren arabera, familia ugariek %25eko deskontua izango dute. Bonua jaso ahal izateko, kontsumo-mugak ipini dira. Urtean gehienez, 3.600 kW arte. Beraz, bonuaren %25eko deskontua gehieneko kontsumo horretara bitartean aplikatuko da.

Era berean, iaz sartu zen indarrean amatasunagatiko osagarria. Gutxienez bi seme-alaba dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan %5 handituko da hori; %10 hiru izan dituztenentzat eta %15, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituztenentzat.