Auzitegi Gorenaren epai bati esker, Kataluniako kide ugariko familia batek 2014. urtean galdu zuen kategoria berezia berreskuratu ahal izango du, hau da, kide ugariko familiaren tituluaren indarraldia azken seme-alabak legean ezarritako adina bete arte ―21 edo, ikasten ari bada, 26― ezarri zuen erreforma indarrean sartu aurretik galdu zuena.
Kide ugariko familia honek erreforma indarrean sartu zenean titulua izaten jarraitu zuen, baina ez kategoria berezia, 2014ko azaroan galdua tituluan 3 seme-alabak baino ez zutelako jarraitzen. Alta, 2019an, kide ugariko familiaren kategoriari eutsi behar zitzaiola ebatzi zuen Gorenaren epaia ezagutu zuenean, familiak erreklamatzea erabaki zuen.
Kataluniako Generalitateak ukatu eta gero familiak auzitegietara jo zuen, baina Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak kontrako epaia eman zuen. Ondoren, familiak helegitea jarri zuen, Gorenaren epaia (951/2019) aintzat hartuta, hark defendatzen baitu 40/2003 Legearen 6. artikuluaren idazketa berria ez dela tituluaren existentziari dagokionez soilik kontuan hartu behar, baita familiak lehen zuen kategoriari dagokionez ere.
2015ean erreforma onartu zenean familiak kategoria berezia galduta bazuen ere, epaiaren arrazoibidea 951/2019 epaian oinarrituta dago, eta kasu honetan aplikatzekoa litzateke. Hots, 2015eko erreformaren helburua familiek kide ugariko familiaren izaerari harik eta azken seme-alaba titulutik atera arte eustea baldin bazen, eta seme-alaba adingabeek beren anai-arreba zaharrei dagokienez diskriminaziorik ez jasatea, auzitegiaren ustez ez da diskriminaziorik izan behar kategoria dela-eta izan ditzaketen onura ugariagoetan eta, hortaz, kategoriari eutsi behar zaio, politika sozial eta ekonomikoaren printzipioarekin bat datorrena (EKren 39. artikulua).