Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mila ikasle inguruk gutun bana idatzi diete egoitzetako adinekoei Eguberri bezperan. Hirukide familia ugarien federazioko gazteen arloak, Hirugaztek, bultzatutako ekimena da ‘Eskutitz bat zuretzat’.
Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arteko ikasleek hartu dute parte Hirugazteren ‘Eskutitz bat zuretzat’ proiektuan. Bertan, gutun pertsonalizatu bana idatzi diote gaztetxoek egoitzetan bizi diren adineko pertsona bakoitzari. Orotara, mila eskutitz banatu dituzte.
Hirukide familia ugarien elkarteko arlo bat da Hirugazte. Bertan sortu zen ideia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publiko eta kontzertatu guztiei idatzi zieten ikasleak parte hartzera gonbidatuz. Horietatik hamabostek eman zuten baiezkoa eta, horiez gain, beste askok beren kasa hartu dute parte ekimenean.
Era berean, Hirugazte adinekoen egoitza ugarirekin jarri zen harremanetan eta horietatik 18ek egin zuten bat proiektuarekin. Gutunak jasoko zituzten pertsonen izenak eman zizkieten, eta beren bizitzako daturen bat ere bai, idatziak pertsonalizatu ahal izateko. Ondotik, entrega egunak finkatu zituzten eta eskura eman zizkieten eskutitzak, baita kasu batzuetan irakurri ere.
1.081 ikaslek idatzi dizkiete gutunak 528 adinekori.
Balantze oso baikorra
Hirukidek eta Hirugazte balantze oso positiboa egin dute. Ikastetxeek eta egoitzek ere bai. Ez zuten inondik ere halako partaidetza handirik espero, ez gazteen aldetik eta ez adinekoen aldetik.
«Gaztetxo askorentzat lehenbiziko aldia zen gutun bat eskuz idazten zutena eta batzuentzat aurreneko aldia zen egoitza bat bisitatzen zutena. Era berean, zenbait adinekorentzat urtetan jasotako lehen eskutitza zen. Hortaz, esperientzia zoragarria izan da zentzu guztietan», nabarmendu du Monica Garcia Hirugazteko koordinatzaileak.
Arrakasta ikusita, ikastetxe ugarik erabaki dute ekimena urtero errepikatzea data hauetan, bai Hirugazterekin batera eta bai beren kabuz.