Hirukidetik galdetegi zabala egin dugu Euskadiko kide ugariko familiek lana eta familia nola kontziliatzen dugun hobeto jakiteko. Eskerrak eman nahi dizkizuegu bete duzuen 1.300 pertsona baino gehiagori.
- Estatuko eta autonomia-erkidegoko gobernuak eskaintzen dituzten kontziliazio-neurriak kontsultatzeko, sakatu hemen
- Eta EBn dauden neurriak ikusi nahi badituzue, sakatu hemen
Galdetegia bete duten pertsonen artean, % 68,6 emakumeak dira, eta % 31,4 gizonak. Gehienak (% 77,5) besteren konturako langileak dira, % 7,1 autonomoak, % 4 etxekoandreak, eta gainerakoak funtzionarioak, langabeak eta bestelakoak (pentsiodunak, etab.). Guraso horietatik % 82,3k lanaldi osoan egiten dute lan, % 9,9k lanaldi murriztuan eta % 7,8k lanaldi partzialean.
Erantzunetan adierazitakoaren arabera, desinformazio dezente dago Estatuko edo erkidego-mailako kontziliazio-neurrien gainean: parte-hartzaileen % 63k diote ez dituztela ezarritako kontziliazio-neurri guztiak ezagutzen.
Horien artean, % 80k amatasun-/aitatasun-baimena hartu dute; % 55ek edoskitze-baimena; % 40,2k 12-14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa; % 28k haurdunaldi arriskutsuagatiko baja; % 27,9k 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko eszedentzia; eta % 11,6k inoiz ez dute kontziliazio-neurririk hartu.
Neurriren bat hartu duten pertsona gehienek tarteko asebetetze-maila erakutsi dute neurriok izapidetzeari, ordaintzeari eta baliatzeko denborari dagokienez. Inkestari erantzun dioten autonomoek, aldiz, har ditzaketen neurriekiko desadostasuna adierazi dute.
Seme-alabak izateak zer eragin dien galdetuta, % 35,6k erantzun dute ez dutela aldaketarik izan, ez alor pertsonalean ez profesionalean; % 28,4k, berriz, borondatezko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu dute, eta % 11,4 ezin izan dira lan-arloan mailaz igo.
Parte-hartzaileen % 11,6k mendekotasuna duen senideren bat dute beren ardurapean, dela seme-alaba bat, dela bikotekidea, dela gaixotasun- edo desgaitasun-motaren bat duen edo adintsua den senitartekoren bat.
Egunean beren buruari eskaintzen dioten denborari dagokionez, % 58,1en kasuan ordubete baino gutxiago da, eta % 37ren kasuan ordubete eta 2 ordu bitartean, denbora hori gehienbat zaletasunei, kirolari edo atsedenari eskainita.
Zer lanaldi ezarri beharko litzatekeen galdetuta, % 38ren iritziz astean 37,5 ordukoa izan beharko litzateke, atseden-egun batekin. Beste % 29k ere lanaldi bera proposatzen dute, baina lana egunero ordu erdi murriztuta. % 14,2ri, aldiz, berdin zaie.
Oporraldiei dagokienez, familien % 44k diote urtean 15 opor-egun edo gutxiago besterik ezin dutela gozatu familia osoarekin batera. % 35,2k, berriz, hilabete har dezakete, baina badira familiarekin gozatu ahal izateko oporrik ez dutenak ere (% 1,8).
Galdetegiko erantzun hautagarriekin batera, Hirukidek ehunka iruzkin, proposamen eta ohar jaso ditu, iritzi pertsonalekin eta balorazioekin lagunduak. Horietatik ondoriozta daitekeenez, inkesta bete duten pertsona gehienek uste dute, aurrerapenak eta kontziliazioari buruzko kontzientzia sozial handiagoa gorabehera, seme-alaba gehiago dituzten familientzako integrazio laboral, familiar eta pertsonala nabarmen hobetu beharra dagoela. Lanaldi osoko lana eta kide ugariko familiak dakartzan erantzukizunak bateratzea bideraezina da haietako askorentzat, haurren zaintzari denbora asko eskaini behar diotelako. Gainera, mendekotasuna duen pertsona bat zaindu behar badute, egoera are larriagoa da, eta kaudimen ekonomiko handiagoa eta lan-politika malguagoak behar dira.
Horrekin batera, parte-hartzaile gehienek telelanaren eta ordutegi-malgutasunaren garrantzia azpimarratu dute, lan-ordutegia eskola-ordutegiarekin bat egiteko eta, horrela, familiaren logistika errazteko, bai oporraldietan antolatzeko bai eskola-aldietan haurrak eramateko eta jasotzeko. Astelehenetik ostiralera lanaldi trinkoak proposatzen dituzte, eta ikastetxeek familia-kontziliazioari lagunduko dioten ordutegiak ezartzea proposatzen dute, bereziki udan, eskolaz kanpoko eta diruz lagundutako programak eta jarduerak eskainiz. Era berean, aitorpen handiagoa eskatzen dute seme-alabak dituzten familiek gizarte zahartuari egiten dioten ekarpenagatik, bai eta etxeko lanetan eta haurren zaintzan bakarrik aritzen diren emakumeentzako ordainsaria ere, ardura horiek sozialki balioesteko neurri gisa. Ardurapean hiru seme-alaba edo gehiago dituzten gurasobakarrek, alargunek, banandutakoek eta dibortziatuek laguntza ekonomiko handiagoa eskatzen dute, familiako eta laneko erantzukizunak orekatzeko beharrezkoak dituzten lanaldi-murrizketak direla kausa, beren diru-sarreretan eta etorkizuneko erretiro-pentsioetan eragina dutelako. Eta autonomoek, ostera, politika inklusibo eta espezifikoagoak diseinatu behar direla nabarmentzen dute, hala lan autonomoaren ezaugarriak eta erronkak nola haien lan-errealitatea kontuan hartuko dituztenak.
Administrazio publikoak
Hirukidek eskuratutako datuak eta informazioak aztertzen jarraitzen du, ondoren aldian-aldian berarekin biltzen diren erakunde eta administrazio publikoei jakinarazteko.
Datuek familia askok laneko eta familiako erantzukizunak uztartzeko oraindik dituzten zailtasunak berresten dituzte. Hala, Hirukidek neurri handiagoak eta hobeak eskatuko dizkio arlo garrantzitsu honetan administrazio bakoitzari, norberaren eskumenen barruan, are gehiago Euskadik duela 10 urtetik baino gehiagotik bizi duen egoera demografiko latza kontuan hartuta.