Argiaren bonu soziala eta bonu termikoa

Argiaren bonu soziala eta bonu termikoa

2022ko apirilaren 3a

Gogora ekarri nahi dizuegu Espainiako Gobernuak ekainaren 30era arte luzatu dituela bonu sozial elektrikoko egungo zenbatekoak: % 60 kolektibo zaurgarrientzat eta % 70 zaurgarri larrientzat.

Gainera, Ministroen Kontseiluak joan den asteartean onartutako neurrien artean (hogei inguru), BGDSren onuradunentzako laguntza dago: aurrerantzean, Bonu Soziala zuzenean eskuratu ahal izango dute; hau da, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGDS) onuradun guztiak automatikoki bihurtuko dira bonu sozial elektriko eta termikoaren onuradun, Gobernuak Gerraren Inpaktuari Aurre Egiteko onartutako Plan Nazionalean jasotakoaren arabera.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, edozein hornidura ordaintzeko arazoak izan ditzaketen pertsonak gogoan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) partida handitu du: hemendik aurrera, familia bakoitzak 1.500 € jasoko ditu urtean kontzeptu honengatik, ez 900 €.

Horrez gain, GURUTZE GORRIAren bitartez izapidetzen den pobrezia energetikoko partida bikoiztu egin da, eta laguntza ez GLLrik ez DSBErik jasotzen ez duten eta zailtasun ekonomiko larriak dituzten pertsonek eska dezakete.

 

OHIKO GALDERAK ETA ZALANTZAK

ARGIAREN BONU SOZIALA

Zer da?
Argiaren Bonu Soziala Estatuko Gobernuak sortu zuen, 2009an, kolektiborik zaurgarrienetako herritarrak babesteko, besteak beste kide ugariko familiak.

Zein baldintza bete behar dira eskatzeko? 

  1. Ohiko etxebizitzan Kontsumitzaile Txikiarentzako Prezio Boluntarioa (KTPB) kontratatuta izatea (informazio gehiago hemen).
  2. Ezarritako baldintza pertsonalak, familia-esparrukoak eta errentari dagozkionak betetzea (informazio gehiago hemen).

Zein enpresa merkaturatzailek finantzatzen dute Bonu Soziala?

Cuadro Bono Social

Nola eskatu behar dut?
Eskaera telefonoz, posta elektronikoz, posta arruntez edo faxez egin behar zaio, zuzenean, aurreko taulan ikus daitezkeen erreferentziako merkaturatzaileetakoren bati, bonu soziala eskaintzeko eta finantzatzeko betebeharra baitute.

Kide ugariko familia bagara, Argiaren Bonu Soziala berritzeko betebeharra dugu?
Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Dekretuaren arabera, kide ugariko familiek ez dute bonu soziala berritu behar, kide ugariko familiaren titulua indarrean egon bitartean aplikatuko baita. Hala ere, enpresa merkaturatzaileak titulua iraungi baino bi hilabete lehenago jakinarazi behar du hobariari eusteko baldintzak berritu behar direla, hala balegokio.

BONU SOZIAL TERMIKOA

Zer da?
Bonu Sozial Termikoa berogailuaren eta ur beroaren edo sukaldearen erabilerak kontsumitzaile zaurgarrienei sortutako gastu termikoak konpentsatzeko laguntza-programa da.

Onuradun bakoitzeko laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da urtero, faktura elektrikoa helbideratuta duten kontu korrontean.

Zein baldintza bete behar dira eskatzeko?
Bonu honen onuradunak dira, inolako izapiderik edo eskaerarik egin behar izan gabe, aurreko urteko abenduaren 31n Bonu Sozial Elektrikoaren onuradun izandakoak, bai eta data hori baino lehen eskaera osoa aurkeztu zutenak ere, betiere aldeko ebazpena jaso bazuten.

2019 eta 2020ko Bonu Sozial Termikoa

Non erreklama dezaket 2019ko eta/edo 2020ko Gizarte Bonu Termikorako nire eskubidea, 2020an eta/edo 2021ean kobratu ez badut, hurrenez hurren? 

Ez baduzue bonuari buruzko jakinarazpenik jaso eta haren onuradun izateko baldintzak betetzen badituzue, erreklamazioa Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusira bidal dezakezue (Pº Castellana 160, 6ª planta. 28071 Madrid), eredu hau erabiliz eta 2019ko abenduko ordainagiri elektrikoa erantsita, non bonu elektrikoaren onuradun zinetela agertuko den, baita kontu-zenbakia ere.

Erreklamazioa bizi zareten lurraldeko Gobernu Ordezkariordetzan aurkeztu eta erregistratu beharko duzue, inolako kosturik gabe eta AURRETIKO HITZORDUA izanik:

  • Araba: Olagibel, 1. Ordutegia: 09:00-17:30.
  • Gipuzkoa: Pio XII, 6. Ordutegia: 09:00-14:00.
  • Bizkaia: Elkano, 10. Ordutegia: 09:00-14:00 (Industria Saila, 1. solairua).

2020ko Bonu Sozial Termikoa

Non erreklama ditzaket 2020ko Bonu Sozial Termikoarekin lotutako kudeaketa-gaiak?
Erreklamazioa egiteko arrazoia kudeaketarekin lotuta baldin badago, hots, kontu-aldaketa edo heriotzagatiko titular-aldaketa egin nahi bada, ZUZENEAN zerbitzura jo behar da (AURRETIKO HITZORDUA izanik, online edo 945 01 90 00 telefono-zenbakira deituz eska daitekeena):

Ordutegia 08:00etatik 19:30era da (abuztuan salbu: 08:00-14:30).

  • Gasteiz: Ramiro de Maeztu kalea 10, behea
  • Bilbao: Kale Nagusia, 85
  • Donostia: Andia kalea, 13

2021ko Bonu Sozial Termikoa

Noiz kobratuko dut 2021. urteari dagokion Bonu Sozial Termikoa?
Kobrantzaren kudeaketaz Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza arduratzen bada ere, bonua izapidetzeko oraindik idazketa-prozesuan dagoen Estatuko dekretu bat onartu behar da; hortaz, oraindik hilabete batzuk itxaron beharko da izapide dadin.