Hirukidek joan den abenduan bultzatu zuen ekimen honen bidez, EAEko mila gaztek baino gehiagok gutun pertsonalizatuak idatzi eta eman zizkieten, Gabonetako festen bezperan, egoitzetako adineko pertsonei.
Joan den abenduan, Gabonetako oporren aurreko egunetan belaunaldien arteko elkartasuna, maitasuna eta harremana sustatzeko ekintza bat abiatzea erabaki genuen Hirugazten. Ideia zen Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleek gutun pertsonalizatuak idaztea zahar-etxeetako adineko pertsonei.
Ondorioz, Euskadiko ikastetxe publiko eta itunpeko guztietara jo genuen, aipatu mailetako ikasleek parte har zezaten. 17 eskolak eta 1.100 ikaslek baino gehiagok berretsi zuten beren parte-hartzea, eta beste askok beren kabuz hartu zuten parte.
Era berean, Hirugazte zahar-etxe eta egoitza askorekin harremanetan jarri ondoren, 19k parte hartzea erabaki, eta hartzaileen izenak eta gutunak pertsonalizatzeko daturen bat helarazi zizkiguten. Gero, informazio hori ikastetxeetara bidali genuen, ikasleek gutuna pertsona zehatz bati idatzi ahal izateko. Azkenik, gutunak emateko egunak zehaztu genituen eta ikasleek eskura eman ahal izan zizkieten adinekoei; are gehiago, kasuren batean aurrez aurre irakurri zuten.
Hala, 1.110 ikaslek (207 Araban, 472 Bizkaian eta 431 Gipuzkoan) idatzi zieten gutuna 19 zahar-etxetako 545 adinekori (Arabako 4 zahar-etxe, Bizkaiko 9 eta Gipuzkoako 6). Hori guztia ekimena beren kasa kudeatzea eta gauzatzea erabaki zuten ikastetxeak kontuan hartu gabe.
Oso balorazio ona
Hirugazten, ikastetxeetan eta zahar-etxeetan egin dugun balorazioa oso ona da, ez baikenuen espero, inola ere, hainbeste gaztek zein adinekok parte hartzea. Haur askorentzat gutun bat eskuz idatzi duten lehen aldia izan da, eta batzuentzat zahar-etxe batera joan diren lehen aldia; zenbait adineko pertsonarentzat, berriz, urteetan jaso duten lehen gutuna. Beraz, esperientzia oso positiboa izan da zentzu guztietan. Ekimena bultzatu dugun lehen urtea izateko, erantzuna izugarri ona izan da, eta badakigu ikastetxe askok egun horietarako modu iraunkorrean ezartzea erabaki dutela.