
Erronka bat familian
Hirukideko lehendakariaren iritzi-artikulua.
Gure historia hurbilean munduak jasan duen gizarte- eta osasun-krisi zailenetako baten erdian ospatuko da aurten maiatzaren 15a, Familiaren Nazioarteko Eguna. Izan ere, nork esango zigun duela bi hilabete, mundu erdia etxean sartuta egongo zela aste batzuetan, gure seme-alabek ez zutela ikastetxerik zapalduko urte erdiz, edota gure gizarte-, segurtasun-, ongizate- eta osasun-sistemetako asko arriskuan egongo zirela? Bat-batean etorri zaigu dena gainera, kamera geldoan emandako belarrondoko saihestezin bat bezala.
Familia gutxi libratu dira pandemiaren itzal luzetik eta arlo pertsonalean nahiz hezkuntza-, ekonomia- eta lan-arloetan izan dituen ondorio suntsitzaileetatik. Milaka hildako izan dira, eta milioika lanpostu daude airean edo dagoeneko galduta; beraz, badirudi ezer gutxi dugula ospatzeko horrelako egun seinalatu batean. Baina, bestalde, eta zailtasunak zailtasun, asko ospatu dezakegu familiaren inguruan.
Izan ere, FAMILIA izan da aste hauetan indartuta atera den eta berriro zer-nolako indarra eta garrantzia duen erakutsi duen erakunde soziala. Historikoki egozten zaizkion ezaugarri eta termino guztiak merezi dituela ikusi dugu berriro ere. Familiak babes, kontsolamendu, zaintza, sostengu eta etxe izan dira herritar guztientzat. Egun zail hauek, pertsona askorentzat lazgarriak izan diren egun hauek, familiaren esentzia erakutsi dute. Milioika ama, aita, seme-alaba, aitona-amona, biloba edota auzokide elkar babesten, entretenitzen eta maitatzen ikusi ditugu, inoiz baino elkartuago, fisikoki edo telematikoki.
Konfinamendu luze honek familiaren esentziaren zati bat itzuli digu; benetan elkarrekin bizitzeko aukera eman digu, etxetik kanpoko lanaldi luzerik gabe eta ikastetxeko zereginik, eskolaz kanpoko jarduerarik eta gainerako konpromisorik gabe. Izan ere, bizitzan berriro noiz izango dugu aukera gure seme-alabekin egunean 24 ordu igarotzeko, asteko zazpi egunetan eta zenbait astetan zehar? Horrela, sare sozialetan, komunikabideetan edota balkoietan, milaka keinu ikusi dira, maitasunezkoak, sormenezkoak, adimenaren, umorearen edo artearen erakusgarriak, elkartasunezkoak, batasun- eta eskuzabaltasun-keinuak… Gurasoentzat eta seme-alabentzat, esperientzia eta ikasketa-iturriak nahiz balio paregabeak izan dira.
Hala ere, eta egun hauek familientzat izan duten eta izaten ari diren alderdi on eta produktibo guztiei duten balioa emanda ere, ezin dugu ahaztu familia askorentzat oso zaila eta larria izan dela, senitartekoren bat hil delako, lehenengo lerroan lanean aritu behar izan dutelako, edota beren negozioa edo lana egoera zailean ikusten dutelako, orain nahiz etorkizunean. Horrekin batera, kontuan hartu behar dugu familia asko nola-halako etxebizitzetan bizi dela hainbat seme-alabarekin edota mendekotasuna edo desgaitasuna duen pertsona batekin, eta heroikoa izan da egoera horietako askorentzat.
Familiei egun hauetan eskaini zaizkien txaloak, laudorioak eta aitortzak merezitakoak izan dira, zalantzarik gabe. Baina ezin dugu hor gelditu, sartzen ari garen krisiaren susperraldiaren pisua berriro ere familien esku uzten ari diren bitartean. Badakigu aurreikusten den ekonomia- eta lan-esparruko krisi luze baten atarian gaudela, baina ezin zaio berriro krisiaren pisua eta beste erakunde batzuen lidergo edo gaitasun falta familia-erakundeari jasanarazi.
Une hauetan, mundua koronabirusaren krisiari erantzun bat emateko borrokan ari den honetan, gure ekonomiak eta gizarteak nola funtzionatzen duen birpentsatzeko eta eraldatzeko aukera dugu, seme-alabak dituzten familiei babes handiagoa ematekoa eta familia horiekiko adiskidetsuagoa den gizarte bat sustatzekoa. Pandemia honek argi utzi du familiak babestuko dituzten gizarte-politiketan inbertitzeak eta araudi eta lege guztietan familiaren ikuspegia txertatzeak zer-nolako garrantzia duen. Izan ere, datozen hilabeteetan egingo diren urratsekin, seme-alabak dituzten familien eskubide sozialetan aurrera egin daiteke edota atzera egin daiteke lortu diren urrats guztietan, kontziliazioaren alorrean esaterako.
Lehenengo bi hilabete hauetan, familia guztiak pauso bat eman dute aurrera eta erantzukizunaren eta eredugarritasunaren lezioa eman dute. Baina, hemendik aurrera, nola bateratu eta bete ahal izango dituzte beren betebehar profesionalak, seme-alabak sei hilabetez eskolara joaten ez badira, beharbada udalekurik eta kanpamenturik ez badago eta aitona-amonekin edo senitartekoekin egoterik komeni ez bada? Eusko Jaurlaritza hasi da pauso batzuk ematen; seme-alabak edo mendekoak zaintzeko eszedentzietarako edo lanaldi-murrizketetarako laguntzak bikoiztu ditu, esaterako, baina argi dago ez dela nahikoa. Guraso gehienak ezin dute laguntza horietako bat jaso, ez ekonomikoki ez eta lanari dagokionez ere; lanera joan beharko dute, eta larri begiratzen diete datozen hilabeteei. Ziurgabetasunak eta fronte irekiak asko dira, eta nahitaezkoa dugu gure erakundeek, administrazioek eta agintariek egoerak eskatzen duen bezala jardutea. Familiek bi hilabete hauetan izan duten jarrera eredugarriaren pare, gutxienez.
https://hirukide.com/eu/una-prueba-en-familia-2/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2020/05/imag_portada-79.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2020/05/imag_portada-79-300x300.jpgArtikulu interesgarriak