Familien aldeko itun sendoa

Familien aldeko itun sendoa

Hirukidek poza hartu du ikusita euskal erakundeek familien eta haurtzaroaren aldeko Itunarekin bat egin dutela. 

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari Itunari eta Familian eta Haurtzaroan Inbertitzeko Euskal Estrategiari asmo handiko aurrekontu irmoa eslei diezaien. 

Hirukide kexu da jaiotzagatiko laguntzei buruzko hurrengo dekretuaren onarpenak ez duelako handituko hirugarren seme-alabengatiko eta hurrengoengatiko laguntza.

 

Ia bi urte eman ondoren Lehendakariak hitzemandako Familian eta Haurtzaroan Inbertitzeko Euskal Estrategiaren eta berau babestuko duen erakundeen arteko itun sendoaren zain, Hirukidek poza hartu du azkenean aurrera atera direlako eta euskal erakunde nagusiek itunarekin bat egin dutelako. Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak azpimarratu nahi du gauza ezohikoa eta oso garrantzitsua dela Lehendakaria hiru diputatu nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin batera familien eta haurtzaroaren aldeko ituna sinatzen ikustea.

Erakundeek gaur sinaturiko itunaren edukiari dagokionez, “asko pozten gaitu ikusteak Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoan duela 19 urtetik helarazten ari gatzaizkion argudioak eta eskaerak jaso direla” adierazi du Natalia Diez-Caballero Hirukideko zuzendariak. “Besteak beste, itunean argi eta garbi aipatzen da Euskal Herriko gizartea gero eta zaharragoa dela, baita gure panorama demografikoa zein den ere; haurtzaroan egiten den gastua inbertsiotzat jotzen da; eta seme-alabak izateak gizarteari ekarpena egiten diola aitortzen da” nabarmendu du.

Baina, poztasun horrekin batera, nolabaiteko zuhurtzia ere agertu du Hirukidek. “Oso argi dugu hitzak eta asmoak ekintzen bidez frogatzen direla, eta Itun honetan eta Familian eta Haurtzaroan Inbertitzeko Euskal Estrategian izenpeturiko konpromiso-dekalogoa eta jarrera-aldaketa neurri zehatzetan islatzea nahi dugu, hala nola asmo handiko aurrekontu irmoa ezartzea” azpimarratu du Diez-Caballerok. “Lehendakariak Familiei Laguntzeko IV. Planera jotzeko esan digu, bertan zehaztuko baitira gaur sinaturiko Itun hau aurrera eramateko ekintza, konpromiso eta aurrekontu zehatzak; orain, hau guztia azkenean zertan geratzen den ikusteko  itxaron beharko dugu” adierazi du.

Zentzu horretan, Hirukide kexu da jaiotzagatiko laguntzen hurrengo dekretuaren onarpenak ez duelako handituko inolako hirugarren seme-alabengatiko eta hurrengoengatiko lagntza, bigarren seme-alabengatiko laguntzan urteroko bat gehiago jaso arren. Izan ere, aukera ona galtzen ari da Europan ematen diren laguntzetara hurbiltzeko, are gehiago kontuan hartuta bazegoela handitzea,  laguntza horien 2018ko aurrekontua handitu egin baita.

Horrez gain, Hirukidek ohartarazi du Itun horren eta Estrategiaren helburuetako bat lortzeko, familiek nahi duten seme-alaba kopurua izatea, hain zuzen, nahitaezkoa dela gizartea seme-alabak dituzten familiekiko inklusiboagoa izatea, eta haien behar eta kezkei dagokienez aintzatespen eta enpatia handiagoak agertzea, erakunde eta administrazio publikoetatik hasita. “Seme-alaba gehiago dituzten familiekiko axolagabekeria eta hoztasuna agertzen eta haiekin bateraezina den bizimodua sustatzen urteak daramatzagun gizarte honetan, ezinezkoa da bikote gazteek seme-alabak eduki nahiko dituztela uste izatea. Horretarako, aurrekontu irmo eta ausartez gain, nahitaezkoa izango da seme-alabak eduki nahi izatearekin bat datozen gizarte-balioak sustatzea, baita lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzea ere” adierazi du Hirukideko zuzendariak.