
Asteburu paregabea familiartean
Ekainaren 15ean eta 16an, Sendavivan eta Oliten izan ginen Hirukideko 40 familia inguru, 200 bat lagun. Egun bietan, eguraldia lagun izan genuen une oro, eta txiki zein helduok jarduera ugariz beteriko plan paregabeaz gozatu genuen.
Larunbatean, Sendavivan elkartu ginen. 11:00etatik aurrera, bederatzi orduz gozatu genuen animalia artean, hala nola txalupez, tirolinez, jolasez eta ikuskizunez, familientzako prezio oso berezietan. Hirukideko familiak erraz ezagutzen genuen elkar, denei banatu genizkien eskumuturreko berriei esker, bai eta paparrean jartzeko emandako eranskailuengatik ere. Parkea itxi zutenean, ahal izan genuen familiok argazkia atera genuen kanpoaldean.
Familien erdiek erreserba egina zuten asteburu osoko plana egiteko eta aterpetxeetan ostatu hartzeko; ia denak Virgen del Yugora joan ziren, Arguedasen. Han, lo egin eta, biharamunean, gosaria hartu genuen, Sendavivan emandako egun biziaren ostean indarrak hartzen saiatzearren.
Igandean, goizean goiz, Laguna de Pitillas eta bertako hegaztien Behatokia bisitatu genituen. Behatokian, Nafarroako paraje horren berezitasunaren gaineko azalpen zabala eman ziguten. Ondoren, Oliten, Errege Jauregia erakutsi ziguten bi gidarik: bata 7 urtetik beherako haurrekin ibili zen, eta bestea gainerakoekin. Ustekabe pozgarria familia askorentzat, Erdi Aroko jauregi dotorea leheneratzeko eta berreraikitzeko lan handia egin baita.
Egunari amaiera emateko, Oliteko udal-igerilekuetara joan ginen bazkaltzera eta arratsaldea ematera. Bero ikaragarria zegoenez, txiki eta helduok biziki eskertu genuen bainu ederra hartzeko aukera. Eskerrik asko gurekin izan zineten familia guztioi, zuen laguntzari eta jarrerari esker asteburu itzela eman baikenuen bizikidetza- eta alaitasun-giro ederrean.
https://hirukide.com/eu/un-completo-fin-de-semana-en-familia/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/07/Hirukide-visita_sendaviva-1024x763.jpeghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/07/Hirukide-visita_sendaviva-300x300.jpegEkintzak eta Zerbitzuak