
Argindarraren tarifa berria
Ekainaren 1etik indarrean dago gobernu zentralak onartutako tarifa elektriko berria. Hiru kontsumo tarte ezartzen ditu, bakoitza bere prezioarekin. Tarte garestienak “puntako orduak” izango dira: 10:00-14:00 eta 18:00-22:00. “Ordu lauak” izenekoak, zertxobait merkeagoak: 8:00-10:00, 14:00-16:00 eta 22:00-12:00. Azkenik, “haraneko orduak”, merkeenak, izango dira 24:00etatik 8:00etara, asteburuak eta jaiegunak.
Batik bat haraneko orduetan eta ordu lauetan kontsumitzen duen erabiltzaileak gutxiago ordainduko du, baina hori oso zaila da familia gehienentzat. Hirukidek uste du sistema aldaketa honek ikaragarri garestituko duela argindarraren faktura familia askorentzat, gehienek ezingo dutelako aukeratu tarterik merkeena. Alde batetik, familia antolamendu kontu batengatik: umeak dituen eta lanean ari den ama edo aita batek –gehienak– arratsaldeak aprobetxatzen ditu arropa garbitu, lisatu edo kozinatzeko; goizean goiz jaikitzen bada, seme-alabak ikastolara eraman eta lanera joateko, derrigorrez gaua atseden hartzeko erabiltzen du. Bestetik, ez da onargarria goizaldean garbigailu bat zentrifugatzen jartzea, inguruan bizilagunik ez duen familia bakarreko etxe batean ez bada. Eta ezin daiteke ere dena astebururako utzi, bereziki familia ugarien kasuan.
Igoerak txikizkako merkatuari eragingo dio; hau da, besteak beste, Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren tarifa eta bonu soziala duten etxeei. Kontsumo ohiturak aldatzen ez badituzte, argindarraren faktura garestituko zaie. Udaberriko hilabeteetan argindarraren prezioan eta fakturan etengabeko igoerak izan ondoren, beste igoera hau iritsi zaigu, familientzat bereziki gogorra izaten ari den urte batean: milaka familia zaurgarritasun handiko egoeran; guraso asko aldi baterako enplegu erregulazioan; edo autonomoak, beren negozioetan hilabeteetan diru sarrerak txikitu zaizkienak edo batere sarrerarik gabe gelditu direnak (batzuek itxi ere egin behar izan dute). Horregatik, familia ugarien erakundeetatik Ministerioari eskatu diogu modu orekatuago bat sistema elektrikoaren kostu finkoak banatzeko, aukera emango duena inpaktuaren kostu zenbatetsia murrizteko kontsumitzaileen faktura elektrikoan.
BEZa murriztea
Argindarraren fakturaren etengabeko igoerek eta tartekako tarifazio berriak ekar dezakeen igoera are handiago baten aurreikuspenak eragindako kexa ugarien ondoren, ekainaren 24an gobernu zentralak BEZa murriztea erabaki du, baina soilik 2021. urte amaierara arte, oraingoz.
Horrela, argiaren prezioaren BEZa % 10ekoa izango da 10 kW arterainoko potentzia kontratatuta duten kontsumitzaileentzat, % 21ekoa izan ordez, baldin eta elektrizitatearen handizkako merkatuko hileko batez besteko prezioa 45 euro/MWh-tik (megawatt-ordu) gorakoa bada. % 10eko BEZa aplikatuko zaie ere zaurgarritasun handiko kontsumitzaile guztiei urte amaierara arte, kontratatutako potentzia eta merkatuko prezioa gorabehera.
Horrela, jada BEZa murriztua zuten EBko gure herrialde bizilagunen adibideari jarraiki, esan genezake gure aldarrikapenek “argia ikusi” dutela azkenean, nolabait esatearren.
https://hirukide.com/eu/nueva-tarifa-de-la-luz/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2021/07/tarif-lu.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2021/07/tarif-lu-300x300.jpgsin-categoria