Epea 2018ko urrira arte luzatu da.

Gogoratu nahi dizuegu, argiaren bonu sozialaz gozatzen jarraitu nahi baduzue, ezinbestekoa dela berriro eskatzea, aurtengo urria baino lehen (hasierako apirileko epea urrira arte luzatu da). Hori egin ezean (eskatutako agiriak ere aurkeztu behar dira), hobaria jasotzeko eskubidea galduko duzue: kide ugariko familiek % 25ekoa (urtean 3.600 kWh-ko kontsumora bitartean) edo kontsumitzaile kaltebera larriek % 40koa.

Albistea da, 2017an ez bezala, kide ugariko familiok, kolektibo kaltebera izanik, ez dugula errenta-aitorpena zertan aurkeztu % 25eko hobaria erdiesteko. 2018ko urtarrilean indarrean sartu zen ministro-agindu bati zor diogu aldaketa; alabaina, errenta-aitorpena bai aurkeztu behar da kalteberatasun larriarekin lotutako % 40ko murrizketa izateko (kide ugariko familien kasuan, Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM, gaztelaniazko siglak) bi aldiz gainditzen ez dutenek).

Azkenik, aholkatzen dizuegu eskaera eta agiri guztiak aurrez aurre aurkeztea; izan ere, jakin badakigu telematikoki aurkeztu dituzten familia batzuen eskaerak galdu egin direla. Dendaren batean errenta-aitorpena eskatuko balizuete, jakinaraz iezaguzue, dagokion erreklamazioa jar dezagun.

Ikus hemen saltokiak eta argindar-konpainiak.
Sakatu hemen Ministerioaren weba bisitatzeko, Bonu Sozialaren informazio gehiagorako.

 

OHIKO GALDERAK

Bonu soziala duela gutxi eskatu badugu, berriro eskatu behar dugu?
2017ko urriaren 10a baino lehen eskatu bazenuten (hau da, dekretu berria indarrean sartu zen eguna baino lehen), berriro eskatu beharko duzue bonuaz gozatzen jarraitzeko. 2018ko urritik aurrera kenduko zaie 2017ko urritik berriz eskatu ez duten familiei.

Urria baino lehen eskatuko ez bagenu, zein egoeratan geratuko ginateke egun bonu sozialaren onuradun garenok?
Bonu soziala kendu egingo litzaizueke; hau da, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren (KTBP) gaineko % 25eko murrizketa galduko zenukete, berriro berritu arte, eta KTBPren tarifa osoa ordaindu beharko zenukete.

Zigorren bat edo berriro eskatzeko beste epe bat izango dugu?
Ez duzue zigorrik izango, eta fakturan ez da gainordainik kobratuko, baina KTBPren gaineko % 25eko murrizketa galduko zenukete; ondorioz, faktura garestitu egingo litzaizueke. Urria baino lehen eskatzea gomendatzen dizuegu, aste batzuk behar baitira dokumentazioa enpresari hel dakion eta bonu sozial berria baliozkotzeko.

Bonu soziala inoiz eskatu ez dugun familiok edo kide ugariko familia urritik aurrera izango garenok eskatu ahal/behar izango dugu? Nola?
Bai, eskatu ahal/behar duzue, bonu soziala aurretik zuten familiek bezalaxe, eta haiek egindako modu berean. Informazio gehiago www.hirukide.com web-orrian.

Eskaera egin aurretik, errenta-aitorpena aurkeztu behar da?
Ez. Argindar-konpainiek lehenengo hiletan eskatu ohi zuten, dekretu berrian ez zegoelako erabat argi, baina 2018ko urtarrilaren 1etik, ministro-agindu bati esker, ez dago zertan aurkeztu. Alabaina, errenta-aitorpena bai aurkeztu beharko da kalteberatasun larriarekin lotutako % 40ko murrizketa izateko (Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa ─IPREM─ bi aldiz gainditzen ez dutenek).

 

https://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/10/foto223.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/10/foto223-300x300.jpgHirukideEkintzak eta ZerbitzuakHasieraslider
Epea 2018ko urrira arte luzatu da. Gogoratu nahi dizuegu, argiaren bonu sozialaz gozatzen jarraitu nahi baduzue, ezinbestekoa dela berriro eskatzea, aurtengo urria baino lehen (hasierako apirileko epea urrira arte luzatu da). Hori egin ezean (eskatutako agiriak ere aurkeztu behar dira), hobaria jasotzeko eskubidea galduko duzue: kide ugariko familiek % 25ekoa...