
Kide ugariko familien erdiek zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko
Kide ugariko familien errealitate ekonomikoa oso urrun dago seme-alaba asko dituzten estutasunik gabeko familien estereotipotik. Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioak kide ugariko familiei buruz egindako azterketaren arabera, familia ugarien erdiek zailtasunak dituzte hilaren amaieran, eta hirutik batek aurreztuta duen dirua erabili behar izaten du, edo zorren bat egin behar izaten du, familiaren premiei erantzuteko.
Kide ugariko 3.300 familia baino gehiago hartu dira kontuan azterketan, eta familia horien profil ekonomikoa eta soziala egin da, hainbat datu interesgarri agerraraziz: nolakoak diren eta zer eskatzen duten, esaterako. Hauxe da erradiografiak erakusten duen kide ugariko familia mota: 36 urtetik 45 urtera bitarteko bikoteak, unibertsitateko ikasketak dituztenak, ezkonduak eta eskolako adina duten hiru ume dituztenak (% 70), biak lanean ari direnak kasu gehienetan (aita, kasuen % 90ean, eta ama, berriz, kasuen % 67an) eta hilean batez beste 1.200 eurotik 3.500 eurora bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
Ekonomiari begiratuta, kide ugariko familiak oso ohituta daude gerrikoa estutzera, etxean dituzten premia guztiei erantzun ahal izateko. Erdiak ozta-ozta iristen dira hil amaierara (% 48) eta hiru familiatatik ia batek (% 27) aurreztutako dirua gastatu behar izan du edo zorra egin behar izan du, familiako gastuei aurre egiteko. Familia ugarien % 48 hilean 2.500 euro baino gutxiagorekin bizi da, eta % 13k 1.200 euro baino gutxiago irabazten du hilean.
Elikadura, etxebizitza eta hezkuntza dira gastu nagusiak, eta familiek, hain zuzen, sektore horietako bitan (elikadura eta hezkuntza), eta jantzietan eta oinetakoetan balioesten dituzte gehien deskontuak eta eskaintzak. Gastu gehigarrien artean, familia gehienek (% 50) berriro eskolara joateko garaian izaten dituzte zailtasun handienak, nahiz eta lau familiatatik bati (% 25) gehiago kostatzen zaion opor garaiko gastuei aurre egitea.
Etxe edo familia horien kontsumo-ohituretan, faktore erabakigarria da aurreztea, eta erosketak egiterakoan, hainbat dendatara jotzen dute deskontuen eta eskaintzen bila (% 61); hala ere, % 23k beti denda berean erosten duela dio, eskaintzen dituen produktu eta prezioengatik. Beste faktore batzuen artean, prezioak bultzatuta erosten dute kide ugariko familiek Internet bidez; % 43k aldian behin egiten duela badio ere, % 81ek argi eta garbi dauka, Interneten produkturen bat merkeago aurkituz gero, sarean erosiko duela. Familien % 19k soilik jarraitzen dute produktu bat ohiko dendetan erosten, Interneten baino garestiago izan arren.
Lana eta familia-bizitza uztartzea da orain ere haurrak izateko oztoporik handiena, inkesta egin zaienen % 49ren arabera; horren ondoren, laneko ezengorkortasuna eta lana kolokan ikustea aipatzen dituzte (% 27), eta, azkenik, haurrak zaintzeak eta hazteak duen kostu handia (% 21) nabarmentzen dute. Horrekin lotuta, hauek dira kide ugariko familiek bereziki balioesten dituzten laguntzak: “laneko eta familiako ordutegiak bateratzea” eta “seme edo alaba bakoitzeko laguntza zuzenak ematea”.
Familiei laguntzeko gobernuaren agendan dauden neurri politikoen artean bat aukeratzeko eskatuta, familien % 79k garbi dauka onena kenkari fiskalak gehitzea litzatekeela; % 12 kategoria bereziari (seme-alabak urteak betetzen doazen heinean) eustearen aldeko azaldu da, eta % 8rentzat, aldiz, kategoria berezia 4 seme-alaba dituztenei emateak du lehentasuna –neurri horri zuzenean onura atera diezaioketenak dira ziur asko–. Era berean, hor dago gasari dagokion bonu sozialaren eztabaida politikoa; familien % 65ek unibertsala izan dadin eskatzen du, baina kontsumo mugatuarekin, argiari dagokion bonu soziala bezalaxe; bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiak kide ugariko familiatzat hartzeari dagokionez, inkesta egindakoen % 69 araudi berezi baten alde azaldu da, hau da, familia horiei laguntza ematearen alde, baina ez kide ugariko familia tituluan oinarrituta.
https://hirukide.com/eu/la-mitad-de-las-familias-numerosas-llega-a-fin-de-mes-con-dificultades/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/09/495427_84611774-1024x679.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/09/495427_84611774-e1506444575329-300x300.jpgArtikulu interesgarriak