
Egun zoragarria mendi-ibiliaz eta abenturaz gozatzen
Joan den urriaren 24an, egun paregabea igaro genuen Hirukidek antolaturiko familiarteko txangoan. Goizean goiz, mendi-ibilia egin genuen Otxandion barrena, eta, natura betean, udazken-udazkeneko giro apartaz gozatu genuen.
Ibilaldia amaitu ondoren, arku- eta tirolina-jarduerak hasi ziren abentura anitzeko “Hontza Extrem” parkean. Txandaka, familia batzuek bazkaldu aurretik egin zituzten, eta besteek bazkalostean. Helduek zein haurrek nahikoa adrenalina askatu zuten tirolinetan, horiek eta dagozkien zirkuituak parte-hartzaileen adinetara egokituta baitaude.
Beste behin ere, parte hartu zuten familia guztiek esperientzia itzela bizi izan zuten; horien artean, ohiko askok, urtetik urtera inoiz huts egiten ez duen familiarteko jarduera honetan parte hartzen dutenek.