
FEFNk bonu soziala lortzeko oztopoengatiko salaketa jarri du
Otsailaren 18an, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioak (FEFN) argindarraren bonu sozialari atxiki ezin izan zaizkion kide ugariko 330 familiaren -tartean, Euskadiko batzuk- salaketak aurkeztu zituen Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Baldintzak bete arren, aipatu familiek ezin izan dute bonu soziala baliatu, zenbait konpainia elektrikok hura izapidetzeko oztopoak jarri baitizkiete.
Aurreko newsleterrean adierazi genizuen bezala, FEFN kide ugariko familia horiek izandako arazoak jasotzen aritu da, gertaera horiek guztiak lehiakortasuna zaintzeko organoari jakinarazteko. Izan ere, litekeena da aipatu enpresek familia horien eskubideak urratu izana, legearen arabera bonu sozialaz gozatzeko aukera baitute.
FEFNk konpainia elektrikoek kasu bakoitzean bonu soziala ukatzeko emandako arrazoiak bildu ditu. Askotariko argudioak erabili dituzte, baina bi izan dira errepikatuenak: batetik, espedientea galdu dutela eta interesdunak dokumentazio guztia berriz ere aurkeztu behar duela; bestetik, beharrezkoak ez diren zenbait agiri eskatu dituzte, umeen NA zenbakiak edota Errenta Aitorpena, esaterako. Familiek, baina, ez dute zertan agiri horiek aurkeztu bonu soziala izapidetzeko. Halaber, beste kasu batzuetan, etxebizitza berean erroldatuta egotea eskatu diete seme-alaben zaintza partekatua duten banandutako edo dibortziatutako zenbait gurasori.
Orain, CNMCk jasotako guztia aztertu eta enpresek kide ugariko familia horien eskubideak urratu dituzten erabakiko du. Edonola ere, FEFNk argindarraren bonu sozialaz gozatzeko arazoak batzen jarraituko du; beraz, zuek izandakoen berri eman nahi badiozue, azal iezaiozue zer gertatu zaizuen, garaiz zabiltzate eta. Batik bat, hauek dira FEFNk interesgarritzat jotzen dituen kasuak:
- Enpresa elektrikoak bonu soziala jasotzea zailtzen edo eragozten du, baina familiak beste enpresa bat kontratatzen duenean, harekin ez du inolako arazorik tarifa sozialaz gozatzeko.
- Familiak eskabidea dagokion dokumentazio guztiarekin eta espedientearekin batera aurkezten du, baina gero enpresak jakinarazten dio ez dagoela inongo eskabiderik (“Galdu egin da”).
- Familia batzuei epez kanpo erantzuten die enpresak.
Horrenbestez, egoera horietako batean bazaudete (edo bonua jasotzeko beste arazo-mota bat izan baduzue), bidali e-posta elkarte espainiarrera zer gertatu zaizuen azaltzeko; enpresari eskaera idatziz egin bazenioten, erantsi haren erantzuna(k).
Bidali, halaber, beteta eta sinatuta, agiri hau,familiaren nortasun-datuak eta Legeak ezarritako datu-lagapena barne. Dokumentazioa, nahitaezkoa FEFNk salaketa jarri ahal izateko, helbide honetara bidali behar da: bonosocial@familiasnumerosas.org (agiria eskuz bete, inprimatu, sinatu eta, eskaneatuta edo argazkia eginda, posta elektronikoz igorri behar da).
https://hirukide.com/eu/castellano-fefnk-bonu-soziala-lortzeko-oztopoengatiko-salaketa-jarri-du/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/02/hirukide_CNMC.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/02/hirukide_CNMC-300x300.jpgEkintzak eta Zerbitzuak