
Nolakoak dira familia ugariak?
Badakigu familia ugariok osatzen dugun kolektiboa oso heterogeneoa dela, baina familia horiek badutela ezaugarri komun bat: seme-alaba kopuru handiagoa izatea, edo kideetako batek desgaitasunen bat izatea.
Horrez gain, familia horiek biltzen dituzten ezaugarri komun edo orokor batzuk bilakatu edo aldatu egiten dira denboraren joanean, eta, horregatik, inkestak egiten dizkiegu Hirukiden bazkide diren familiei aldika, garai bakoitzean Euskadiko familia ugariek zer profil duten hobeto ezagutu ahal izateko. Azkena joan den azaroan egin genuen, eta eskuartean erabilitako langina nahiko esanguratsua izan zen: 1.500 erantzun baino gehiago jaso genituen familiengandik.
Lehenengo, eskerrak eman nahi dizkizuegu inkestari erantzun zenioten bazkide guzti-guztioi, parte hartu zenutelako eta elkarlanean jardun zenutelako gurekin; badakigu gogaikarria izaten dela askotan horrelakoei erantzutea, edota ez dela erraza geldialdi bat egin eta erantzuteko tartea hartzea.
Datuak biltzeko eta ondoren doazkizuen ehunekoak ateratzeko ez ezik, inkesta baliagarria gertatu zaigu (oharrei buruzko atalaren bidez batik bat) Hirukiden dauden familien errealitateak, kezkak eta beharrak askotarikoak direla berresteko; bakoitzaren ezaugarriak nolakoak diren ikusi behar: familiaren osaera, seme-alaben adina, gurasoen lan-egoera edo egoera ekonomikoa, familian baden desgaitasun edo gaixotasun bat duen inor…
Familien profil orokorra
Inkestan lortutako datuen arabera, familia ugarien ohiko eredua hauxe litzateke: 38 urtetik 48ra bitarteko bikotea, ezkondua gehienean (% 87), hiru seme-alaba dituena (3,15), eta hileko diru-sarrera garbiak 3.500 euro ingurukoak dituena. Horietatik, % 56,8 hiru hiriburuetako batean bizi dira, eta % 43,2 horietatik kanpo, Euskadiko ia udalerri guztietan. % 51k gaztelania erabiltzen dute seme-alabekiko komunikazioetan, % 27k euskara dute ama-hizkuntza; gainerakoek, % 22k, euskara eta gaztelania, biak erabiltzen dituzte.
Seme-alaben kopuruak erakusten du familia ugariak gero eta txikiagoak direla denboraren joanean: 3 seme-alaba dituzten familiak % 76,75 dira, eta alde txikia dago 2 seme-alaba (% 8,8) eta 4 seme-alaba (% 11,2) dituztenen artean. 5 seme-alaba edo gehiago dituztenen kopuruak nabarmen egiten du behera familia ugarien artean: % 3,25 dira. Horrela, batezbestekoa 3,15 seme-alabakoa da familiako, familia ugarien estereotipoetatik asko urrunduz. Bi seme-alabako familia ugari gehienei dagokienez, kideetako batek (seme edo alaba batek gehienean) desgaitasunen bat duelako dira familia ugari. Horiek eta hiru seme-alaba eta desgataitasunen bat dituztenak familia ugarien % 10 dira ia (% 9,8).
Familia ugaria sortzeko arrazoiari dagokionez, inkestari erantzun zioten familia gehienek esan zuten familia-eredu hori gustatzen zitzaielako osatu zutela (% 63); % 14,5ek, berriz, esan zuten ez zela aurrez prentsatutako zerbait izan, eta seme-alabak etorri egin zirela. Atal honetan, nabarmendu behar da familien % 20ren kasuan arrazoia erditze anizkoitza izan zela (% 13,5), edo jatorrizko edo gero sortutako desgaitasunen bat (% 6,4).
Familia ugarien erdiak baino gehiagok seme-alaba gehiago nahi zituen; baina ez dituzte seme-alaba gehiago izan, arrazoi askogatik. % 26k diote seme-alaba gehiago izango zituztela, baldin eta baldintza ekonomiko edo lan-egoera hobeak izan balituzte; % 9,1ek, gobernuaren laguntza handiagoa izan balute; % 7,8k, beren etxebizitza handiagoa izan balitz, eta % 6,6k, beste arrazoi batzuengatik.
Lan-arloa eta arlo ekonomikoa
Inkestari erantzun dioten pertsonen egoera profesionalari dagokionez, familia ugarietako aita-amen % 51k sektore pribatuan lan egiten dute; % 29k, sektore publikoan; % 11 langile autonomoak dira; % 4,5 etxea eta seme-alabak zaintzen aritzen dira; eta % 3 langabea da; eta % 1,5 baino ez dira pentsiodunak edo erretiroa hartutakoak.
Kasuen erdietan baino gehiagotan, seme-alabak izateak eragina izan du haien lan-egoeran. Gehiagotan amen kasuan, gehiago baitira beren lanaldia murriztu duten amak edo lan-utzialdian egon direnak (% 39), lanean gora egin ezin izan dutenak (% 20), edo zuzenean aldi baterako edo behin betirako lana uztea erabaki dutenak (% 9).
Familia ugarien egoera ekonomikoa, bai eta kolektiboa bera ere, oso heterogeneoa da, askotarikoa, eta, oro har, Euskadiko gizartearen isla da hori; bereizgarri nagusia hauxe da: diru-sarrerak batez beste 3,15 seme-alaba zaintzera eta haien beharrei erantzutera bideratzen dituzte.
Ildo horretatik eta grafikoak erakusten digunez, familia ugarien % 23k ia 2.500 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte familian hilero. Aldiz, estereotipo askok helarazten diguten irudiari aurre eginez, % 13k baino ez dituzte 5.000 eurotik gorako diru-sarrerak familian.
Familia ugari gehienek (% 63) 2.500 eurotik 5.000 eurora bitarteko diru-sarrerak dituzten hilean; % 30,68k, 2.500 eurotik 3.500 eurora bitartean, eta % 33k, 3.500 eurotik 5.000 eurora bitartean. Beraz, Euskadiko familia ugari bakoitzeko diru-sarrera garbiak 3.508 eurokoak dira batez beste.
Etxebizitza eta oporrak
Inkestan bildutako datuen arabera, familia ugarien % 18,7 infraetxe batean bizi dira, etxebizitzak ez baitu gainditzen pertsonako 15 m2-ko azalera.
Bizi diren etxebizitza motari dagokionez, nabarmendu behar da % 64,5 jabetzan duten etxebizitza batean bizi direla; % 15 jabetzan duten etxebizitza publiko batean bizi dira; eta % 11,5 banakako etxebizitza pribatu batean bizi dira. Gainerakoa, % 9, alokatutako etxebizitza batean bizi da, % 6,5 etxebizitza pribatu batean eta % 2,5 etxebizitza publiko batean.
Inkesta egin zaien familien % 55ek 15 egun soilik edo gutxiago pasa ditzakete oporretan elkarrekin. Lana eta familia edota lan-ordutegiak eta eskolakoak bateratzeko zailtasunak kontuan hartuta, familien % 45ek soilik goza ditzakete elkarrekin hiru asteko edo gehiagoko oporrak.
Oporretan, familia ugarien ia % 40 familiako etxeetara joaten dira; % 29,4k alokatutako opor-etxeetara jo ohi dute, eta % 26,2k kanpinetara; % 15,5 dira hotel eta landetxeetara joaten direnak.
Dirulaguntza publikoak
Familiek beren esku dituzten onura eta dirulaguntza publikoei dagokienez, nabarmendu dute erabilgarrienak eta onuragarrienak hauek direla: beren ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko ematen dituzten zuzeneko dirulaguntzak (% 76), bonu sozial elektrikoa eta termikoa (% 65), NAN eta pasaporteko tasen salbuespena (% 40), eta zergetan eta udal-tasetan dauden hobariak (% 36).
https://hirukide.com/eu/castellano-como-somos-las-familias-numerosas-de-euskadi-en-2020/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2020/01/Foto-familia-1b-1024x651.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2020/01/Foto-familia-1b-300x300.jpgArtikulu interesgarriak