
2021, urtebete olatu artean
Iaz, gure jarduera asko COVID-19aren pandemiak eragindako errealitatera eta mugetara egokitzen jarraitu behar izan genuen. Hirukiden, buru-belarri aritu ginen familia bazkideei gure zerbitzu eta jarduera guztiak eskaintzen segitzeko.
Informazio- eta aholkularitza-zerbitzua
Ziurgabetasunez beteriko beste urte batean, ahaleginik handiena zerbitzu honetan egiten jarraitu genuen, Hirukideren garrantzitsuena dela iritzita. Horretarako, urte osoan, irekita izan genituen bazkideekin harremanetan egoteko gure informazio- eta komunikazio-kanal guztiak: gure sare sozialak, e-postak, newsletterrak, webgunea eta, jakina, telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa. Horien bidez, zuen zalantza, iradokizun eta erreklamazio publikoei erantzun genien.
Administrazio Publikoak
2020an baino modu presentzialagoan, iaz Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Aldundietako eta Batzar Nagusietako arduradunekin bildu ginen, baita Asteasu, Ataun, Deba, Eltziego, Laukiz, Mutriku, Sondika, Urduliz eta Gasteizko alkateekin ere. Den-denei gure kolektiboaren errealitatearen eta beharren berri eman genien, kasu bakoitzean beren eskumeneko esparruei dagokienez.
Udalerri-kanpaina
2021ean, Euskadiko zortzi udalerritako (Portugalete, Bergara, Legazpi, Laudio, Derio, Mutriku, Lazkao, Santurtzi, Deba eta Gueñes) kide ugariko familiei aurkeztu genien Hirukide eta azaldu genizkien gure kolektiboaren eskubideak. Gehienetan, aurkezpena konbinatua izan zen, hots, aurrez aurre eta online.
Prestakuntza-hitzaldiak
2021ean, hiru prestakuntza-hitzaldi antolatu genituen, maiatzean eta, udazkenean, urria eta abendua bitartean. Udazkeneko lehena aurrez aurre egin ahal izan genuen, baina gainerakoak online izan ziren. Guztiak online izan ziren arren, azarokoa aurrez aurre ere eskaini ahal izan genuen. Gaia etxeko hezkuntzaren eta bizikidetzaren ingurukoa izan zen: lehenengoak seme-alaba nerabeak eta haiek trebetasun digital nahikoaz hornitzeko modua izan zituen ardatz; bigarrenean, hezkuntza positiboaz aritu ginen; eta, hirugarrenean, bikote-harremana izan genuen hizpide. Hirurek oso harrera ona izan zuten, familiek Euskadiko edozein lekutatik online ikusi ahal izan baitzituzten.
Maskara kirurgikoak eta Hirumaskak
2021ean, Hirukideko familiei maskara kirurgikoak prezio merkean saltzen jarraitu genuen, Arrasateko Onnera Group enpresari esker, eta 23.000 unitate baino gehiago saldu ziren. Aldi berean, Hirukideren maskara berrerabilgarri homologatu pertsonalizatuak, gure Hirumaskak, egiten segitu genuen, eta 2.500 ale inguru erosi ziren. Bi maskara-motak gure Hirudendan erosten jarrai daiteke, gure webguneko (www.hirukide.com) inprimakia beteta.
Jarduerak, lehiaketak eta zozketak
Bigarren urtez gure jarduera enblematiko zenbait bertan behera utzi behar izan bagenituen ere, Familia Jardunaldi Solidarioak, kasu, udaberrian eta udazkenean familia-irteerak egin ahal izan genituen, bietan mendi-ibiliak eta abentura-jarduerak uztartuta. Iaz ere familiarteko Kahoot jokoa errepikatu genuen, online partidetan gauzatua, parte-hartze arrakasta handiarekin. Era berean, urte osoan hainbat lehiaketa antolatu genituen, bideo- eta argazki-lehiaketak, hain zuzen ere, baita hainbat zozketa ere, gure enpresa laguntzaileei esker. Ohi bezala, Gabon-txartelen lehiaketarekin eta Gabonetako otzaren zozketarekin eman genion amaiera urteari.
Deskontu eta kanpaina bereziak
Iaz ere ahalegin berezia egin genuen deskontu berriak lortzeko eta aurretik genituen akordioak hobetzeko, une zail hauetan familiei eta gure Hirudendei laguntzearren. Besteak beste, EROSKI Kluben deskontu-txartelak berriro handitu ziren, eta udan eta neguan Hirubonu kanpaina egin genuen gure Deskontu-planeko (Familia+ Plana) Hirudendetan modu are merkeagoan kontsumitzeko.
KOPURUTAN
“Hirukide Albisteak” aldizkariaren irakurleak 39.600
Newsletterraren harpidedunak 11.600
Erantzundako kontsultak 2.185
Agerpenak komunikabideetan 116
Bazkideentzako deskontu berriak 155
Bilerak entitate pribatuekin 37
Bilerak erakundeekin eta alderdiekin 35
Antolatutako jarduerak 27
Helegiteak, erreklamazioak… 12
Saldutako Hirumaskak 2.238
Saldutako maskara kirurgikoak 23.100