Etxebizitza-alokairurako laguntzak

Etxebizitza-alokairurako laguntzak

Eusko Jaurlaritzak beste xedapen bat argitaratu du, maiatzaren 5ean, etxebizitza librea alokatzeko laguntzak eskatu ahal izateko, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondoriozko egoera ekonomiko eta sozial zaurgarriei aurre egiteko.

Hirukidek, laguntza hori izapidetzen ari zirela jakitun, Etxebizitza Sailera jo eta eskaera egin zuen laguntza banatzeko orduan Familia Errenta Estandarizatuaren sistema kontuan har dadin; izan ere, bestela, laguntzetatik kanpo utziko lirateke tarteko diru-sarrerak izanik zama ekonomiko handiagoak dituzten edo beste egoera zaurgarriren batean dauden familiak (guraso bakarrekoak, desgaitasuna dutenak, seme-alaba gehiago dituztenak, etab.). Azkenean, eskaera ez da onartua izan.

Hileko alokairuaren zenbatespenerako, ordea, bai hartu ditu kontuan kide ugariko familiak. Gure kasuan, alokairua ezingo da izan Alokairu Merkatuko Estatistikak (AME) ezarritako batezbestekoa baino 1,75 bider handiagoa (beheko taularen arabera, 0,25 bider gehiago kalkulatu beharko litzateke).

Hauek dira laguntza jasotzeko baldintzetako batzuk: gehieneko bizikidetza-ondarea (dirua, tituluak, baloreak, ibilgailuak edo beste jabetza batzuk) ez izatea 50.000 eurotik gorakoa; eta eskatzaileek, norbere izenean edo bizikidetza-unitatearenean egin, urtean 39.000 eurotik beherako diru-sarrera gordinak egiaztatzea, BOE-ei buruzko araudiaren arabera haztatuak (diru-sarrera haztatuen kalkulagailua, hemen). Era berean, ezin da beste higiezin baten titularra izan, baldin eta bertan ez bada norberaren konturako jarduerarik egiten edo ez badago erabilgarri banantzearen edo dibortzioaren ondorioz.

Gehienez, 1.500 euro jasoko dira 6 hilabeteri dagokion alokairua ordaintzeko, apirila barne, eta egoera bereziki zaurgarrietan 12 hilabetera hedatu ahal izango da, 3.000 euro jasota. Eskabideak aurkezteko epea 2020ko maiatzaren 6tik irailaren 30era bitartekoa izango da.

Xedapen honi buruzko informazio gehiago hemen.

Cuadro ayudas alquiler