Amatasun-osagarria pentsioan, baita gizonentzat ere

Amatasun-osagarria pentsioan, baita gizonentzat ere

Erreklamazioak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte.  

Hirukidek eskaera egin zion Gobernuari, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioaren bitartez (FEFN), pentsioetan (erretiroa, alarguntasuna eta ezintasuna) egun dagoen seme-alabengatiko osagarria aitei heda dakien. Osagarri hori 2015ean onartu zen, amatasuna eta aitatasuna konpentsatzeko, eta, 2016ko urtarrilaren 1etik, ama izandako emakumeen erretiroagatiko zenbatekoa handiagoa da: % 5, 2 seme-alaba izanez gero; % 10, 3 ume edukiz gero; eta % 15, lau edo gehiago izanik. Gure ustez, neurria diskriminatzailea zen, seme-alabak edukiz Gizarte Segurantzari ekarpen demografikoa egin dioten emakumeak saritzen badira, berdin saritu behar direlako aita izan diren gizonak.

Hori dela eta, FEFNk erreklamazio-eredu bat helarazi digu (deskargatu Erreklamazio-eredua hemen), Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean aurkeztu eta, horrela, zenbatekoak ordain diezazkizueten eskatu ahal izateko, atzeraeraginezko izaeraz 2016ko urtarrilaren 1etik edo, data hori eta gero, erretiroagatiko pentsioa kobratzen hasi zineten unetik. Egoera horretan zaudeten aitek lehenbailehen egin behar duzue, epea martxoaren 11n bukatuko baita.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia (EBJA) ere bat etorri da. Joan den abenduan emandako epai batean, Gironako aita batek jarri zuen demanda ebazteko, gure herrialdean pentsioetan egun dagoen amatasunagatiko osagarriak Gizarte Segurantzaren arloan gizon eta emakumeen arteko tratu-berdintasunari buruzko Europako Zuzentaraua urratzen duela adierazi zuen. Haren ustez, aitek aipatu osagarria ez jasotzea, baina amek bai, sexuagatiko zuzeneko diskriminazioa da, zeina aipatu Zuzentarauak debekatuta dagoen. Auzitegiaren arabera, gizonek demografiari egiten dioten ekarpena emakumeek egiten dutena bezain beharrezkoa da, eta biak saritu behar dira, bai amak bai aitak, seme-alabengatiko osagarri berdinarekin.

Europako Auzitegiaren epaiak bide eman du 2 seme-alaba edo gehiago izan dituzten eta erretiroagatiko pentsioa –alarguntasuna eta ezintasun iraunkorra ere bai– kobratzen ari diren gizonek denbora honetan guztian jaso ez dituzten seme-alabengatiko osagarriaren zenbatekoak erreklama ditzaten. Hain zuzen, FEFNk horretara animatu nahi ditu aipatu egoeran dauden aitak, izan ere, seme-alabengatiko osagarriak 70 eta 100 euro bitartean dakartza hilero.