
20 urte, 20 lorpen
Hil honetan, Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazio honek 20 urte bete ditu. Izan ere, Hirukide 1999ko apirilean sortu zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kide ugariko familien elkarteek, kide ugariko familia bazkide gutxi batzuk zituztenek, bat egin zutenean.
Harrezkero, gero eta gehiago hazi gara, bai barne-mailan bai kanpo-mailan. Urtetik urtera, gero eta familia bazkide gehiago gara, gero eta zerbitzu gehiago dugu, eta gero eta gehiago agertzen gara iritzi publikoan. Aldi berean, federazio handiagoa gara, lortu dugu erakunde independente gisa finkatzea, oro har seme-alabak dituzten familien eta bereziki kide ugarikoen babesle tinkoa, eta askotariko aurrerapausoak egin ditugu.
Aurrerapen eta lorpen hauen arteko asko, bai barne-mailakoak bai kanpora begirakoak, Hirukiden egunero egiten dugun lanaren emaitza izan dira. Beste batzuk, berriz, herri-administrazioek gauza zitzaten proposatu eta sustatu ditugu. Era berean, estatu-mailakoak edo estatuaren eskumenekoak, Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioarekin elkarlanean bultzatu eta lortu ditugu.
Horien guztien artean, hauek nabarmendu nahi ditugu, federazio eta kolektibo gisa hainbat esparrutan lortuak:
-
Gure bulegoak hainbat toki txikitan izan ostean, 2009tik Gasteizko Udalak lagatako lokal handi batean daude. Gure talde profesionala Hirukide bera hazi ahala handitu da urte hauetan, eta, egun, zazpi langile arduratzen dira federazioa eta bertako hiru elkarteak kudeatzeaz, hala nola bazkideentzako zerbitzu eta jarduerez.
-
Gaur egun, 8.300 familia baino gehiago gaude bazkidetuta, 45.000 bat bazkide gara, eta Euskadiko kide ugariko familien % 30 inguru Hirukiden daude.
-
2003an, Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko Elkarte izendatu gintuen, Euskadiko interes orokorra sustatzen laguntzen dugula iritzita.
-
Ugaritu eta finkatu egin ditugu federazioak eskaintzen eta antolatzen dituen zerbitzuak eta jarduerak. Besteak beste, informazio- eta aholkularitza-zerbitzua nabarmengarria da: familiei gure kolektiboarekin eta seme-alabak dituzten familiekin loturiko gaurkotasunaren eta albisteen berri ematen diegu. Aipatzekoa da, halaber, bazkideok oso estimatzen duzuelako, prestakuntza-zerbitzua, zeinaren baitan hitzaldiak eskaini eta biltzarrak antolatzen ditugun.
-
20 urte hauetan, hutsik egin gabe, gure Familiarteko Jardunaldiak antolatu izan ditugu. Hasieran, hiru hiriburuetako batean egiten genituen, txandaka; alabaina, laster ohartu ginen egokia zela urtero hiruretan egitea, eta baginela gai horretarako. Orain, halaxe egiten dugu, bakoitza hil batean. Jarduera hau dugu elkarteko zaharrena, eta jendartean oihartzunik handiena duena.
-
Hastapenetan, enpresa eta denda gutxi batzuek eskaintzen zizkiguten deskontuak; egun, ordea, ia 1.000 enpresak, entitatek eta elkartek eskaintzen dizkigute abantailak eta deskontuak Hirukideko familia bazkideei, gure Deskontuen Planaren baitan.
-
Lortu dugu seme-alabak dituzten familiak eta kide ugarikoak Euskadiko agenda politiko, publiko eta sozialean egotea. Horrekin batera, solaskide nagusia gara Euskadiko administrazio guztiekin familiaz hitz egiteko orduan.
-
Era berean, hedabideen aurrean oro har seme-alabak dituzten familien eta bereziki kide ugarikoen eledunak gara; hedabideetan, gainera, sarri agertzen gara urtero, albiste, artikulu eta elkarrizketen bidez.
-
Familia Errenta Estandarizatuaren sistemaren sorkuntza eta pixkanakako ezarpena. Sistema aplikatzen da laguntzak edo zerbitzu publikoak eskuratzeko edo horien zenbatekoak finkatzeko errenta-mugak ezartzen direnean, eta familiaren diru-sarrerak kontuan hartzen ditu familiako kideen kopuruaren eta familia bakoitzaren egoeraren arabera.
-
Kide Ugariko Familiak Babesteko estatu-mailako 40/2003 Legearen onarpena, zeina espero dugun datozen urteotan berritzea.
-
Aldundiek ematen duten Titulu ofizialaz gain, familiako kide bakoitzak bere banako kide ugariko familia-txartela dauka.
-
Duela 20 urte, Euskadiko inongo udalek ez zuen hobaririk kide ugariko familientzat. Egun, aldiz, 140 udalek dute gure kolektiboarentzako hobariren bat beren zerga-ordenantzetan (OHZ, ibilgailuak, ura, kiroldegia, musika, etab.).
-
Kide ugariko familia-izaera hedatu da seme-alabetako azkenak gehieneko adina bete arte (21 urte, edo, ikasten jarraitzen badu, 26).
-
Kide ugariko familiak Argiaren Bonu Sozialaren eta, berriki, Bonu Termikoaren hartzaile diren kolektibo kalteberen barruan daude.
-
Kide ugariko familiako kideek ez dituzte ordaindu behar NA eta Pasaportea egiteagatiko tasak.
-
Amatasun-osagarria gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen zergapeko pentsioetan.
-
Kide ugariko familia izateagatiko deskontua hiri-garraioan eta hiri-artekoan, errepide, trenbide eta itsaso bidezko garraioko txartel-mota orotan, joan-etorrikoak barne. Horrekin batera, hobaria ibilgailuen matrikulazioan eta erosketan.
-
Ikastetxeetan sartzeko lehentasuna eta deskontua unibertsitate pribatuetako matrikulan.
-
Etxebizitza-kenkaria PFEZen eta murrizketa etxebizitza aske erabilia erosteko karga-tasan.
-
Euskadin, urte hauetan guztietan, aurrerapausoak egin dira seme-alabak dituzten familiak babesteko: Familiei Laguntzeko Legea, Familiei Laguntzeko Plan Integralak (4), Seme-alaben jaiotzagatiko laguntzak eta Familia eta lana kontziliatzeko laguntzak.
Lorpen horiek guztiak ezinezkoak izango ziren familia bazkideek eta erakunde laguntzaileek 20 urte hauetan Hirukiden izan duzuen konfiantzarik eta eman diguzuen laguntzarik gabe. Konfiantza eta laguntza, biak beharko ditugu aurrerantzean ere betetzeko ditugun xedeak lortzeko. Eskerrik asko!
https://hirukide.com/eu/20-anos-20-logros/https://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/04/Hirukide_20logros2.jpghttps://hirukide.com/wp-content/uploads/2019/04/Hirukide_20logros2-300x300.jpgArtikulu interesgarriak