Arartekoaren txostena ezagututa, Batzar Nagusiei helarazi zaiena, zeinetan lehenengoak adierazten duen ez datorrela bat Bizkaiko kide ugariko familiei OHZn hobaria kendu izanarekin, Alderdi Popularrak eta Talde Mistoak Arauz Besteko Proposamen bat eta Foru Arau Proposamen bat aurkeztu zuten, hurrenez hurren, Batzar Nagusiek baliogabeturiko hobaria leheneratzeko, Foru Araua aldatuta.

Proposamen biak gaitzetsi dira Batzar Nagusien Osoko Bilkuran, gaur goizean, Euskal Nazionalistek eta Euskal Sozialistek (EAJk eta PSE-Eek) berriz ere baliatuta beren gehiengoa. Gaitzespena, gainera, oposizio osoaren iritziaren kontra egin dute, modu batera edo bestera gainerako taldeak proposamenen alde baitzeuden.

Hirukide, Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa, kexu agertu da EAJren eta PSE-EEren tema dela eta, are gehiago Arartekoaren txostena ezagutu eta gainerako talde batzarkideen babesa jaso ondoren. Egun hauetan, Hirukideren ordezkariak berriz jarri dira harremanetan talde guztiekin; denek adierazi diete ulertzen dutela kide ugariko familien ezinegona, Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu-taldea osatzen dutenek izan ezik.

Era berean, Hirukidek gogoratu du hobariaren jatorria eta zergatik eusten zaion Araban eta Gipuzkoan: “Hobariaren bitartez, udalek ahalmena zuten birbanaketa-irizpideak aplikatzeko haien zerga-bilketan; hala, neurri batean, kide ugariko familia askok OHZn jasaten duten diskriminazioa zuzen zitzaketen, izan ere, familia horiek zenbateko askoz ere handiagoa ordaindu behar izaten dute, halabeharrez azalera handiagoko etxebizitza dutelako”. Zentzu horretan, ondokoa ere gogoratu du: “Udalek eurek ezartzea hobariaz gozatzeko mugak edo irizpideak, eta ez foru-arauak, logikoa zen, kontuan hartuta udalerri batetik bestera etxebizitzen prezioan edo familien diru-sarreretan dagoen aldea”.

Halaber, Hirukidek gogoratu du Euskadi gizarte zaharkituenetakoa dela oraindik ere, epe ertainera arazo demografiko handiak izango dituela, eta erakunde guztien erantzukizuna dela egoera iraultzeko borrokatzea. Hain zuzen, kide ugariko familiak ari dira desoreka hori arintzen laguntzen, Bizkaiko herri ugaritan, baina bertako erakunde gorenak berriz eman dio bizkarra kolektibo horri. “Hobaria baliogabetu izanak argi erakusten du zer-nolako sentsibilitatea duten alderdi batzuek seme-alaba gehiagoko familiekiko, nahiz eta hobaria kentzeko orduan irizpide objektiboak aipatu edo, udalen bidez, diruz laguntzeko beste neurri batzuk iradokitu, inola ere iritsi ez diren neurriak” nabarmendu dute ordezkariek.

Horrekin batera, Hirukideko kideek adierazi dute lanean jarraituko dutela ez daitezen hobari gehiago baliogabetu, eta zalantzan jarri dute OHZn zegoen hobaria kentzeko irizpidea ez ote zaien beste zerga erreal eta beste kolektibo batzuei ezarriko, subjektibotasun oro kentzeko. Era berean, ahal duten guztia egingo dute Araba eta Gipuzkoarekin ez dadin zerga-harmonizazioa bilatu, alegia, probintzia horietan ere ez dadin hobaria indargabetu. Izan ere, hainbat bileratan esan izan diete, talde batzarkide nazionalistek eta sozialistek, horixe proposatuko dietela Araba eta Gipuzkoako beren parekoei.

 

Gutuna Lehendakariari

Sentsibilitate eta justizia handiagoaren bila, bidezko eskaera delakoan, Hirukidek gutuna igorri zion Lehendakariari, duela hamar egun, Bizkaiko Batzar Nagusietan hasiko zen eztabaidaren berri emateko eta esku har zezan eskatzeko, legealdi honetan seme-alabak dituzten Euskadiko familiak babesteko hark adierazitako konpromisoaren arabera.

Konpromiso horren berri, aurrenekoz, duela ia urtebete eman zuen Lehendakariak, “Haurtzaroaren eta Familiaren Euskal Estrategia” eta familien aldeko herrialde-ituna behar zirela adierazi zuenean; beharrezkoak, haren hitzetan, jaiotza-tasa handitzeko eta familiak babesteko politikak sustatzeko. Horrexegatik, Hirukidek ez du ulertzen haren alderdiaren jarrera, alegia, duela 13 urtetik aplikatzen ari zen hobaria kendu izana, zeina Bizkaiko 77 udalerrik ezarritako irizpideak betetzen zituzten kide ugariko familiek jasotzen zuten.

Oraindik ere, Hirukide Lehendakariaren erantzunaren edo bilera-deialdi baten zain dago, bidegabeko erabaki horren gainean hitz egiteko, bai eta lan-ildo nagusiez ere, oro har seme-alabak dituzten familien eta bereziki kide ugarikoen baldintzak hobetzeko, Euskadin, legealdi honetan.

http://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/02/jjgg_biz-1024x683.jpghttp://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/02/jjgg_biz-300x300.jpgHirukideAlbisteak
Arartekoaren txostena ezagututa, Batzar Nagusiei helarazi zaiena, zeinetan lehenengoak adierazten duen ez datorrela bat Bizkaiko kide ugariko familiei OHZn hobaria kendu izanarekin, Alderdi Popularrak eta Talde Mistoak Arauz Besteko Proposamen bat eta Foru Arau Proposamen bat aurkeztu zuten, hurrenez hurren, Batzar Nagusiek baliogabeturiko hobaria leheneratzeko, Foru Araua aldatuta. Proposamen biak...