Hirukidek faltan sumatzen du “per capita” kontsumoa aplikatzea hobaria osorik jasotzeko ezarritako kontsumo-mugan

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak, Hirukidek, pozik jaso du Energia Ministerioaren erabakia, alegia, kide ugariko familiek bonu soziala jasotzen jarraitzea, iritzita kolektibo kaltebera dela, beste familia-mota batzuekin batera. Hala, aurrerantzean ere bonu soziala eskatu ahal izango dute, eta, horren arabera, argindarraren tarifan % 25eko deskontua jaso. Horrez gain, kalteberatasun larriko beste kontsumitzaile-talde bat egongo da, zeinari % 40ko deskontua aplikatuko zaion, eta horren barruan egongo lirateke IPREM (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa) bi aldiz baino diru-sarrera txikiagoak dituzten kide ugariko familiak.

Bonu sozialaren arauketa berrian, hobaria jaso ahal izateko kontsumo-mugak ezarri dira, urtean 3.600 kilowatt-ordura bitarte. Hala, bonuak dakarren % 25eko deskontua gehieneko kontsumo horretara bitartean aplikatuko da; hortik aurrera (urtean 3.600 kilowatt-ordura kide ugariko familien kasuan), berriz, tarifa arruntaz fakturatuko litzateke.

Hirukideren ustez, kontsumo-mugak ezartzea zentzuduna da, baina kexu da ez delako inolako progresibitaterik jaso kide ugariko familien barruan, bai eta ezarritako muga berbera delako 3 seme-alabako familia batentzat eta 5 seme-alaba edo gehiago dituenarentzat, kontuan hartu barik pertsonako edo “per capita” haztaturiko kontsumoa.

Errege Dekretuaren behin betiko onarpena aurtengo ekaina eta uztaila bitarterako aurreikusita dago. Indarrean sartzen denean, familiek 6 hileko epea izango dute bonu soziala eskatzeko, eta familia guztiek bidali beharko dute eskaera, nahiz eta aurretik ere bonuaz gozatzen egon.

 

Gainordain eta zerga anakroniko eta insolidarioak

Hirukidek gogoratu nahi du argindarra, beste edozein ondasun edo zerbitzu bezala, BEZen mende dagoela, zehazki tasa orokorrari (% 21) lotuta. Hori gutxi balitz, fakturan, aldi berean, IEE (argindarraren gaineko zerga berezia) ordaintzen da, zeina, gainera, aipatu zergaren oinarriaren zati den; beraz, praktikan, zerga bat beste baten gainean ordaintzen da, ordaindu beharreko faktura % 27 baino gehiago garestituta.

Hirukidek gogoratu dio Gobernuari argindarra zergapetzen jarraitzen dela, kontsumoa premia biziko behartzat jo barik, BEZ tasa murriztura edo supermurriztura beheratu beharrean, beste produktu edo zerbitzu batzuetan egin den bezala, bai eta beste herrialde batzuetan ere gasaren eta argindarraren fakturetan (Frantzian, %5,5, eta Erresuma Batuan, % 5). Horrekin batera, hemen IEE % 5 baino gehiago zamatzen da, erabat neurriz kanpokoa eta anakronikoa dena, duela 20 urte baino gehiago sortu baitzen bereziki ikatzaren sektoreari laguntzeko, zeina orain askoz ere murritzagoa den.

Era berean, elkarteak gogoratu du indarrean den tarifa-sistemak kide ugariko familiak kaltetzen dituela, kontsumoa modu progresiboan zigortzen baitu; izan ere, kontrataturiko potentzia eta kontsumituriko kilowatt-kopurua zenbat eta handiagoak, orduan eta garestiagoa kilowatta. Horrexegatik da bidezkoa bonu sozial honi eustea, zeina gasaren fakturara ere hedatu beharko litzatekeen.

http://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/05/bon_soc.jpghttp://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/05/bon_soc-300x300.jpgHirukideAlbisteak
Hirukidek faltan sumatzen du “per capita” kontsumoa aplikatzea hobaria osorik jasotzeko ezarritako kontsumo-mugan Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak, Hirukidek, pozik jaso du Energia Ministerioaren erabakia, alegia, kide ugariko familiek bonu soziala jasotzen jarraitzea, iritzita kolektibo kaltebera dela, beste familia-mota batzuekin batera. Hala, aurrerantzean ere bonu soziala eskatu ahal izango dute,...