Argindarraren bonu soziala arautzen duen Errege Dekretua onartu du gobernuak; tarifa sozial horren bidez, % 25eko deskontua aplikatuko zaie argindarraren tarifan zaurgarritzat hartzen diren kolektiboei. Azkenean, kide ugariko familiek kolektibo zaurgarri horien artean jarrai dezagun lortu dugu, eta deskontua familia-errentan maximo bat finkatu gabe egitea ere lortu dugu; dena den, jada onuradun bazara, beharrezkoa da 2018ko apirilaren 10a baino lehen berritzea. Hala ere, berritu aurretik pixka batean itxaroteko gomendioa egin nahi dizuegu, irizpideak bateratu beharra dagoela ikusteaz gain, informazio falta pixka bat ere sumatu baitugu eskatzen den dokumentazioarekin batera azken errenta-aitorpena ere aurkeztu behar ote den zehazteko orduan. Hurrengo asteetan jakinaraziko dizuegu zehatz-mehatz ea nahitaezkoa den aurkeztea, eta nola egin behar den.

Dena den, ziur dakigu behintzat bonu sozialaren onurez gozatzen jarraituko dugula, baldintzak betetzen baditugu, betiere: kide ugariko familien titulu ofiziala izatea, 10 kW-eko edo hortik beherako potentzia izatea kontratatuta, hornidura ohiko etxebizitzarako izatea, eta Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari atxikita egotea.

 

INFORMAZIO GARRANTZITSUA

Kontsumo-muga

Dekretu berrian, hobaria jaso dezakeen kontsumoari mugak ezarri zaizkio, eta, familia ugarien kasuan, 3.600 kwh-koa da muga hori, urte osorako. Muga horretara arteko kopuruari aplikatuko zaio % 25eko deskontua tarifaren prezioan, eta, 3.600 kWh-tik gorako kontsumoa bere osotasunean fakturatuko da. Egoera ekonomikoaren arabera kontsumitzaile zaurgarri larrien izaera duten etxeetan, fakturaren deskontua % 40ra artekoa izan daiteke; gainera, gizarte-zerbitzuen laguntza jasotzen dutenen kasuan, % 50eko diru-laguntza bermatuko zaie fakturan, eta ezin izango zaie argindarra eten.

Kide ugariko familientzat, bonu sozialaren aplikazioa familia ugariko tituluaren indarraldian aplikatuko da.

 

Nola eskatzen da bonu soziala, edo nola berritzen da?

Urriaren 10ean jarri zen indarrean araudi berria, eta egun horretatik aurrera eska daiteke bonua, araudi berrian ezarritakoarekin bat etorrita. Gaur egun bonu soziala duten kontsumitzaileek sei hilabetean bonu hori izaten jarraituko dute (apirilaren 10era arte), baina data hori baino lehen eskatu beharko dute berriro.

Araudi berrian zehazten denez, 2018ko apirilaren 10a baino lehen berriro eskatzen ez bada, data horretatik aurrera jaulkitzen den lehen fakturatik aurrera edo hurrengokotik aurrera utzi egingo zaio bonu soziala aplikatzeari, eta argindar-hornidura Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren arabera fakturatuko da.

 

Hainbat modutara eska daiteke bonu soziala:

  • Telefonoz, argindarra merkaturatzen duen erreferentziazko etxearen webgunean ageri den zenbakira deituz. Zenbaki hori Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean ere argitaratzen da.
  • Merkaturatzailearen bulegoetan, halakorik bada.
  • Erreferentziazko merkaturatzaileak bere webgunean edo fakturan adierazitako fax zenbakian edo helbide elektronikoan.
  • Posta arruntez, eskaera erreferentziazko merkaturatzaileak bere webgunean edo fakturan adierazitako helbidera igorriz.
  • Erreferentziazko merkaturatzailearen webgunearen bidez.

Erreferentziazko merkaturatzailearen webgunean eskuratu ahal izango da inprimakia, bai eta kontsumitzaileentzako bulegoetan ere, halakorik bada.

 

Aurkeztu beharreko agiriak:

–    Konpainia bakoitzaren eskabide-orria

–    Horniduraren titularraren NANaren kopia

–    Familiaren erroldatze-agiria

–    Familia-liburuaren kopia

–    Kide Ugariko Familia tituluaren kopia

–    Endesak eta Iberdrolak azken errenta-aitorpenaren kopia eskatzen dute; aldiz, beste konpainia batzuek ez dute halakorik eskatzen, hala nola Unión Fenosak eta EDPk.

 

Noiz hasiko dira aplikatzen?

Eskabide-orria eta eskatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, hurrengo fakturan hasiko dira aplikatzen, gutxienez 15 astegun pasatu badira.

Bezero zaurgarri larria (BZL)

Errenta-atalase txikiko kontsumitzaile zaurgarriak dira.

BZL, familia ugaria: Ezarritako muga: bi aldiz IPREM (15.039,18 €)

 

Familiaren bat egoera horretan badago, balioespena egiteko, eskariarekin batera, azken zergaldiari dagokion errenta-aitorpena (edo aitorpenak) aurkeztu behar da, edota Foru Ogasunak emandako ziurtagiria, familia-unitateko kide guztien NANaren fotokopiarekin batera.

 

 

http://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/10/foto222.jpghttp://hirukide.com/wp-content/uploads/2017/10/foto222-300x300.jpgHirukideEkintzak eta ZerbitzuakHasieraslider
Argindarraren bonu soziala arautzen duen Errege Dekretua onartu du gobernuak; tarifa sozial horren bidez, % 25eko deskontua aplikatuko zaie argindarraren tarifan zaurgarritzat hartzen diren kolektiboei. Azkenean, kide ugariko familiek kolektibo zaurgarri horien artean jarrai dezagun lortu dugu, eta deskontua familia-errentan maximo bat finkatu gabe egitea ere lortu dugu; dena den,...