Oso gutxitan elkarrizketatzen ditugu kide ugariko familietako seme-alabak, normalean aita-amak izan ohi dira, baina salbuespen hau egitea merezi du. Gure kirolari saiatuenetako bat orain arteko erronkarik handienari aurre egiten ari zaiola elkarrizketatu ahal izateak indar eta sakontasun berezia ematen dizkio Everesteko kanpamentu nagusian egindako elkarrizketa honi. Alex Txikon dugu, 13 anai-arrebetan gazteena, kirolean eta esfortzuan zaildutako emakumeez eta gizonez osaturiko familia bateko seme gazteena.   

 

21 urte besterik ez zuela, lehen zortzimilakoa igo zuen; 14etatik 11 egin ditu dagoeneko. Baina, 2011n, “alpinismoa egiteko beste modu bati” heltzea erabaki zuen: bakarrik, eta askotan neguan. Iparraldeko aurpegiak, horma handiak, ibilbide berriak… 2016an, Nanga Parbaten gailurrera (8.126 metro) neguan igotako lehen gizakia bihurtu zen. Oraingoan, ezin izan du gauzatu balentria, hau da, lehena izatea Everesten gailurrera neguan eta oxigeno gabe iristen, baina aurretik ere erakutsi izan du erronkak ez direla lehen saiakeran betetzen… 

 

13 anai-arrebetan gazteena izateak… arrastoa utziko zizun. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa hain familia handian?

Familia handia izateak oroitzapen asko ekartzen dizkit, oso maitatua sentitzen naiz eta sentitu izan naiz beti; era berean, hala ere, asko kostatu izan zait txikitan, batez ere, ondo eta gaizki dagoena desberdintzea, hainbeste neba-arreba eta ama edukitzeak nahasmen hori sortu zidalako.

Urte haietatik zer gogoratzen duzu maitasun edo estimu handienaz?

Maitasun askoren gogoratzen ditut, benetan. Neure arrebekin, lobekin… izan ere, ni baino nagusiagoak diren bi loba ditut eta oso zoriontsua sentitu izan naiz beti gaztetasunetik.

14 eta 15 urtetara arte etxe ondoko plazan egoten ginen beti jolasten. Gainera, etxe ondoan harrobi bat daukagu eta bertan ematen genituen ordu gehienak.

Zertan eragin dizue horrenbeste anai-arreba izateak?

Umetatik neba-arreba nagusienak izan ditut beti erreferente. Azkenean, beraiei kopiatzen saiatu izan gara beti, eta gehienbat, neure arrebei diet estimu handiena eurek hezi nautelako.

Eta zuk, zer balioesten duzu gehien zure anai-arreba zaharrengan?

Neure arrebarik nagusiena amaren bezalakoa da, antzinako emakumeen tankerakoa. Inoiz inori kalterik egingo ez diona, eta batez ere, pertsona ona eta denoi ikaragarri maite gaituena. Gainera, berak ere Dolores du izena, amaren moduan.

Atzera eginda eta aurrez aurre begiratuta, zer iritzi duzu zure ama bezalako emakumeez? 

Ama ikusita sekulako emakume bat datorkit burura, monumentu hutsa. Jada ez dago horrelakorik, beste belaunaldiko batekoa da, 35ean jaioa, gerra baino pixka bat lehenago. Ohituta beti etxeko lanak egiten eta lan pilo bat eginda, iraganeko gizarte matxista hartan murgilduta. Gaztelaniazko esaerak dioen moduen, berataz zerbait ikasi badut zera da: “haz el bien sin mirar a quien”, inoiz ez dio kalterik egin inori, guztiz kontrakoa, beti dago platerkada bat denontzako eta etxera gerturatzen dan guztiarentzat. Ama bakarra dago, baina, egia esan, nire ama berezia da; Dolores berezia da.

Nola piztu zitzaizun mendizaletasuna urte haietan? Familiartean egiten zenuten? Aita/amarekin, agian? Anaia edo arrebaren batekin?

Mendizaletasunean Javi anaiaren eskutik hasi nintzen, 3 urterekin berarekin Gorbeiara igo nintzenean. Ama eta aita ez ziren horren zaletuak, hortaz, anaiarekin joaten nintzen. Geroago, 3 urtetatik 8 urtetara bitartean, berarekin hasi nintzen eta 8tik 14ra bitartean ez nuen ezer jakin nahi mendiaren inguruan.

Zure anai-arrebaren bat ere badabil alpinismoan?

Bai, Javik Cho Oyu mendia igo zuen (8201 m) Tibetetik, eta  Pamirren, Pico Leninen, Hegoameriketan, Andetan eta Himalayatik aritu izan da. Orotara, bost espedizio egin ditugu elkarrekin.

Familiartean, zure ustez, zein balio erakutsi dizkizute? Eraginik izan al du 15 kideko familia izateak?

Egia esan, gauzak elkarbanatzen ikasi dut gehien. Niretzako bakarrik ez begiratzea, zilborretik begiak altxatzea eta taldearentzat onena dena eta etxeko guztiok denetarik izan dezagun begiratzea.

Imajina dezakegu sendotasuna eta irmotasuna balio horietako bi izango direla…

Nire amagandik zera ikasi dut gehien: nola errekurtso gutxirekin zenbat eta zenbat egin daitekeen, gehienbat, zelako sendotasuna transmititzen duen fisurarik ez egoteko. Zoriontasuna, poztasuna, grina handiarekin eta beti zerbait hoberen bila.

Zure bizitzako grinari erreparatuta, zer da zuretzat alpinismoa, zure alpinismoa? 

Alpinismoa mundua ulertzeko modu bat da niretzat, bidaiatzeko aukera ematen didana, izan ere, mendiaren bitartez ezagutzen dut mundua, eta niretzako oso aberasgarria da hori.

Lagun zenuen Iñaki Ochoa de Olzak esan ohi zuen: “Oso gora igo besterik ez dut nahi, beste behin askatasun mugagabez begiratzeko nire barruari”. Zer sentitzen duzu zuk han goian, horrek dakartzan esfortzua, bestelako gauzak baztertzea eta sufrimendua kontuan hartuta?  

Oso gustura sentitzen naiz han goian, beti gustatu izan zait eta orain geroz eta gehiago. Gertuko lagunak alpinistak ziren, eta azkenean, horrela bukatu dut nik ere bai. Alturako mendi hauetan gustura sentitzen naiz, hasieratik eroso sentitu izan naiz, eta lerro honetan hasi nintzenez orain ere horrela jarraitzen dot. Aske sentitzen naiz, libre, morrena batean, neure etxean, eta aske sentitzeaz aparte, eroso ere bai. Sufritzen baina pozik, gizarte honetan faltan botatzen ditudan gauzak aurkitzen baititut mendian. Bertan beste era batekoa da dena.

Baina azkenengo espedizioetan, itxaronaldia ere oso gogorra egingo da, gailurrerantz jo ala ez zain egon beharreko asteetako ernetasuna…

Min asko egiten dit eta oso gogorra izaten da Behe Kanpalekuko itxaronaldia. Baina beti dago lan asko egiteko eta azkenean dena nire eskuetatik pasatu behar denez, beti ditut mila gauza egiteko.

Familiak zer esaten dizu ia ezinezkoa den beste erronka bati ekin nahi diozunean? Nola daramate?

Familiak, nire ustez, oso gaizki pasatzen du -agian, ez naiz onena hau kontatzeko-. Hala ere, neure itzulerarekin pila bat disfrutatzen dute. Nire ama, esaterako, ospitalean ingresatuta egon zen ni etorri aurretik, eta ni honantz etorri bezain pronto, min guztiak kendu eta indarberritu egin zen. Egia esan, jada ia ohituta daude, urte asko eta espedizio asko direlako, baina pozik daude ikusita beti bueltatzen naizela.

11 zortzimilako igo eta lagun asko eta asko galdu ondoren, nahiz eta zure grina izan, bazara guztiz kontzientea arriskuaz? Nola daramazu?

11 desberdin eta orotara 12 zortzimilako. Lagun asko gelditu dira bidean eta arrisku asko ditugu begi bistan. Gainera, lidertza hartu nuenean duela hiruzpalau urtetik, sekulako erantzukizuna daukat eta neuri eta taldekide guztiei ezer ez gertatzeaz arduratu behar naiz.  Neure sekretua oso kalkulatzailea naizela da, beti gauza berdinak egiten ditut, esaterako, beti pasatzen banaiz ezkerretik, oraingoan eskumatik pasatu banaiz, urduri jartzen naiz, zerbait pasatuko zaidalakoan.

Arriskua, muturreko sufrimendua, ziurgabetasuna eta estasia horren modu bizian eta sarritan sumatu izanak nola eragiten dizu espedizioen arteko denboraldietan? Bidaia luze horien ondoren, ondo egokitzen al zara egunerokotasunera?  

Ondo egokitzen naiz, baina trantsizio momentuak oso zailak egiten zaizkit, etxetik atera eta mendira iritsi arteko une hori, eta bereziki, itzulera, egunerokotasunera ohitzea pila bat kostatzen zaidalako. Eta, egia esan, arrisku eta kezkak hein handi batean onartu egiten ditugu, badakigu zeri egiten diogun aurre eta onartu behar dugu denok jaio eta hil egiten garela.

Zer esango zenieke goi-mendiaren eta alpinismoaren gaineko jakin-mina sumatzen hasiak diren seme-alaben gurasoei? Izan ere, ez da botak edo patinak jantzi eta kantxara ateratzea bezala…

Umeei kasu egin eta mendira eramatea gozatzera, joko bat izan behar da, jolasean sentitu behar dira, alegia, eta ez presioa gailurra egin behar dutela sinestarazten. Mendian gora abiatu, kontu kontari. Nik oroitzen baitut presio handia sentitu nuela, eta esan bezala, oso gogorra egiten zitzaidan eta horrexegatik, urte batzuez ez nuen mendia horren begiko.

Alex, munduko zorterik onena opa dizugu. Mendiak zuk bera beste errespeta zaitzala. 

Bukatzeko, eskerrik asko, bihotz-bihotzez. Oso gustura erantzun ditut zuen galdera eta zalantzak. Jarraitu zuen ametsengatik borrokatzen eta naturaz gozatzen. Hurren arte!

 

HirukideElkarrizketakPertsona ospetsuen elkarrizketak
Oso gutxitan elkarrizketatzen ditugu kide ugariko familietako seme-alabak, normalean aita-amak izan ohi dira, baina salbuespen hau egitea merezi du. Gure kirolari saiatuenetako bat orain arteko erronkarik handienari aurre egiten ari zaiola elkarrizketatu ahal izateak indar eta sakontasun berezia ematen dizkio Everesteko kanpamentu nagusian egindako elkarrizketa honi. Alex Txikon dugu,...