Asaldura sortu da familia ugarien artean, argindarraren igoeraren eta bonu sozial elektrikoa galtzeko arriskuaren aurrean

Asaldura sortu da familia ugarien artean, argindarraren igoeraren eta bonu sozial elektrikoa galtzeko arriskuaren aurrean

Argindar-tarifa azken urteotako igoerarik handienak izaten ari den une hauetan eta bonu sozial elektrikoaren babesa galtzeko arriskuaz jabetuta, familia ugariek kezkaz begiratzen diote epe laburrera izan dezaketen egoera ekonomikoari.

Gobernua negoziazio bete-betean sartuta dabil oposizioko alderdiekin, tarifa elektrikoaren % 25eko deskontua nori aplikatzen jarraitu erabakitzeko; eta badirudi familia ugariak atera egingo dituztela deskontu horretatik. Hortaz, familia horiengan eragin zuzena izango du azken egunotako igoerak, baina, areago, kalte handiagoa egingo zaie hobari horretatik kanpo utzita, % 25 gehiago ordaindu beharko baitute.

Familia ugarien artean sortu den ezinegona agerian jarri nahi du Hirukidek, eta gogora ekarri nahi du indarrean den tarifa-sistemak kaltetu egiten dituela familia horiek, kontsumoa zigortu egiten baitu modu progresiboan, kontratatutako potentzia handitzen den heinean kilowatta garestiago kobratuz, eta gainera, kontsumitutako kilowatt kopurua ere handiagoa baita. Sistema horren bidez, kontsumo arduratsua sustatu nahi da, baina kalte nabarmena egiten zaie kide gehieneko familiei: familia horiek etxetresna elektriko gehiago edo argindar gehiago erabiltzen dute, arropa- eta ontzi-garbigailuak gehiagotan jartzen dituzte, gela gehiago dituzte argitzeko… Baina, per capita kontsumoa kontuan hartuko balitz, argi ikusiko litzateke batez besteko kontsumoaren azpitik legokeela kontsumo hori.

Horregatik, kezka eta babesa adierazi nahi izan dizkio Hirukidek Familia Ugarien Espainiako Federazioari (FEFN), aste honetan Energiako Estatu Idazkariarekin, Daniel Naviarekin, egitekoak diren bilerari begira. Bilera horretan, familia ugarien kolektiboa bonu sozialaren onuradunen artean mantentzeko eskatuko diote.

Ildo horretatik, bai Hirukidek eta bai FEFNk berak bonu sozialaren eta familia ugarien inguruan demagogiarik ez egiteko eskatu dute, ezer gutxi baitaki jendeak oro har familia horien etxeko errealitateaz, haien egoera ekonomikoaz eta bonu sozialaren beraren funtzionamenduaz. Gaur egun, bonu horren onuradun izateko mugarik ez badago ere, familia ugarien % 38k soilik dute tarifa sozial hori.

Ildo beretik, argi adierazi nahi da kolektibo horrek bonu sozialaren onuradunen % 9 baino ez duela adierazten; % 13 pentsio minimoa jasotzen duten kontsumitzaileei dagokie, eta % 3 etxeko kide guztiak langabe dituzten kontsumitzaileei; onuradun gehien-gehienak (% 74) 3 Kw arteko potentzia kontratatuta duten etxeak dira, eta kontsumitzaileen talde horren barnean sartzen dira familiagune txikiak, kide bakarrekoak edo bikoak.

Bonu sozialaren etorkizunari dagokionez, errenta-mugak ezarri nahi dira, familia ugarien multzoa kanpoan utziz kolektibo zaurgarri izan arren. Horregatik, haztapen-sistema bat aplika dadin eskatu beharra dagoela adierazi dio FEFNri, familia-errenta estandarizatuaren parekoa, halaxe aplikatzen baita Euskadiko sail eta administrazio batzuetan ere. Bidezkoagoa litzateke modu hori, familia-egoerak kontuan hartzen baititu (urritasunak, guraso bakarrak, kideen kopurua, etab.). Bestalde, familia-errentak autonomia-erkidegoen arabera bereizteko ere eskatu beharra dagoela adierazi dio, Euskadin per capita errenta handia izan arren, bizi-kostua ere handiagoa delako.